Asier SAGARDUI
Atxiloketez baliatzen den ezker abertzalea
Xabier Leteren bertsoak hobetzeko asmorik (eta gaitasunik) gabe, eta modu ahalik xuabeenean esateko, periodikua letuz harritutzen gera. Hartarako egun aproposa izan zen atzokoa. Hiru lagin baino ez.
«El Correo español»ek kontatu zigunez, «Garzon epaileak berriro ere bururik gabe utzi du Batasuna». Beste batzuetan ETA-Batasuna... (hobe segida osoa jarri gabe, baztertxo hau ez agortzeko) izaten da baina, erakunde bera badira ere, oraingoan Batasuna baino ez omen dute utzi bururik gabe, ez dakigu azken hamarkadetan ETAri 253 buru moztu ondoren bat ere gabe dagoelako edo gorputz-adarretan buruak hazi zaizkiolako. Nolanahi ere, badirudi ezker abertzaleak lehengo lepotik duela burua, «El Correo»k ez bezala, egun batetik bestera demokrazia organikoaren aldeko sutsua izatetik demokrazia konstituzionala gurtzera igaro baitzen. Ondo pentsatuta, ordea, ez zen horrenbesterainoko aldaketa izan: txiki samarra izenari dagokionez; izanari dagokionez, berriz, sumaezina.
«El Mundo»k Perez Rubalcabak berak baino argiago azaldu zigun ezker abertzaleko atxilotuen lotura... ezker abertzalearekin. Eta agerian jartzen zuen zer-nolako jendailaren aurrean gauden; izan ere, ezker abertzalea bere zortzi kideen «atxiloketez baliatu zen D3M plataformaren aldeko sinadurak biltzeko azken deialdia egiteko». Inozoak gero ministroa, Garzon eta «El Mundo», ezker abertzalearen tranpan erorita.
Azkenik, «Deia»k bere editorialean nabarmen utzi zuen Madrilgo Gobernua, ostiraleko operazioa Zuzenbide Estatuaren hastapenen araberakoa barik, ikuskizunen gizartearen adierazpidea izan zela iritzita. Hala ere, Estatu espainolaren gabezia demokratikoak erantzule gehiago ditu, Estatu horrek behin eta berriz egurtzen duen ezker abertzalearen zuzendaritza, hain zuzen, «sektore politiko oso bat mapa politiko eta instituzionaletik kanpo geratzera daraman estrategiak, euskal gizartearen sektore batek bere ordezkaritza gauzatzeko duen eskubidearen gainetik, ortodoxiari men egitea lehenesten» duelakoan. Beraz, Rubalcaba eta enparauak ez dira parte onekoak, baina ezker abertzaleko buruak dira egoera ez-demokratikoaren lehen erantzuleak, kartzelan lasai asko bizi direla.