ERRUGBIA
Azkenean, Biarritzek heldu dio bide zuzenari
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek era bikainean eman dio amaiera Heineken Kopari, azkeneko bi partidak irabazita, nahiz eta hasieran zuen helburua, final-laurdenetarako sailkatzea, ez duen lortu.
Zuri-gorriak denboraldi kaskarra ari dira egiten, baina badirudi burua altxatzen hasteko moduan direla, urte berriari beste itxura batekin begiratzen dietela, orain arteko partidak irabazi egin baitituzte. Badirudi apurka-apurka taldea konfiantza hartzen joan daitekeela.
Herenegun gauekoa ez zen neurketa handia izan, baina baldintzak ere ez ziren oso onak izan, eguraldiak ez baitzuen errugbian aritzeko gehiegi lagundu. Lehen zati polita ikusi zen, hala ere. Etxekoak nagusi, 17-10 joan baitziren atsedenera.
Bigarren zatian lapurtarrak gehiago izan ziren, eta beste zazpi puntu batuta, norgehiagoka erabakita utzi zuten, kanpotarrak ez ziren-eta batere fin aritu.