GARA > Idatzia > > Kultura

Entzuleak omentzeko formula perfektua: bertso onak eta bertso hobeak

Unai Iturriagak bota zuen amaierakoan: «...da prozesu bat osoa/ ez dakiguna zuek edo guk nork ematen dun pausoa/ entzuteko inor ez badaukagu, zertako da ba bertsoa». Atzoko bertso eguna entzuleari egindako omenaldi bat izan zen. Zuzena, gozoa, atsegina, lagunartekoa. Eta omentzeko modurik onena aukeratu zuten: bertso onak eta hobeak.

Amagoia MUJIKA | DONOSTIA

Hasiera kaotikoa izan zen, surrealista. Bertsolariak agurrarekin hasi ziren. Mikroa ez zebilen ondo. Ez zen entzuten. Azken orduan etorri ziren entzulerik baldarrenak eta zalapartatsuenak. A zer lanak, makuluak zituen gizon harenak! Aurrekoak, atzekoak, aurreragokoak eta atzeragokoak aztoratu zituen bikote xelebreak, eseri zen arte. Baten batek eman zion ordurako makuluarekin buruan. Baina, Kursaal aretoan bildutako 1.600 bertsozaleek, zintzo-demonio, aldrebeskeria guztiak aguantatu eta han jarraitu zuten eserita. Atzokoa, bertsoak entzuteko arrratsaldea zen, bertso onak entzuteko arratsaldea.

Azkenean, «arazo teknikoak» konpondu eta Xebastian Lizasoren agurra primeran entzun ahal izan zen. Teknikari eta bere boz handiari esker noski. Ordurako nabarmen samar geratu zen mikroaren «arazotxoak» apropos sortutakoak zirela, eta makuluduna eta bere albokoa aktoreak zirela susmatzen hasita zegoen asko. Entzuleria zirikatzeko modua izan zen zikloi moduko hasiera aldrebesa. Gero, entzuleak ere majo zirikatu zuen bertsolaria. Joan-etorrian joan zen arratsaldea, hartu-emanean. Entzuleriari egindako omenaldi baten tankera hartu zuen Bertso Egunak.

Ehun gaitik gora jaso dituzte

Bertsozalea gai-jartzaile lanetan aritzea. Horixe, aurtengoaren ardatza. Hartara, ehun gaitik gora jaso dituzte azken egunotan eta horietatik batzuk oholtza gainekoan aurkeztea izan zen Saroi Jauregiren egitekoa. Gai horiek bide oso desberdinetatik iritsi dira. Lehenak -erantzungailu automatikoan jasoa- Iturriaga, Egaña, Maia eta Colina jarri zituen urteotan herririk herri eta plazarik plaza gertatu zaizkien pasadizoak gogoratzen. Hauxe, Egañak kontatutako bat: «...neska gazte bat heldu zitzaidan mostradorean barrena/ ta esan zidan bikaina zera, dezu ahots gozoena/ bene-benetan esaten dizut (bis) Peña zu zera onena».

Ondoren, Xebastian eta Maialen aritu ziren SMS bidez jasotako gai bati kantuan. «Kaixo, nazkatuta nago egunero A-8an 50 kilometro orduko abiaduran joan eta peajea ordaindu beharraz». Entzuleen barre txikiak tarteko, lasai esan daiteke jende asko sentitu zela gaiarekin identifikatuta. Saio polita osatu zuten. Maialenen bigarren bertsoa -hasi eta buka, sekulako bertso arratsaldea josi zuen hernaniarrak-, oso txalotua izan zen. «Lehenbizi nola sartu kotxea karril estutan barrena/ gero kamioi bat tokatu ezkero, arnas hartze nabarmena/ eskaladako `biatan' ere hala izaten da izena/ autopista hori zortzi-A-mas da zailtasunik gorena».

Unai Iturriaga bakarka aritu zen ondoren. Gaia, entzule batek aukeratu zuen. Eta, entzulea, foko batek. Oholtzaren atzealdeko pantailan argazki sorta bat jarri zioten aukeran entzuleari, eta aspaldian hondartutako itsasontzi zahar baten argazkia aukeratu zuen. Ez zirudien aukera guztietan errazena, baina, Iturriagak ondo asmatu zuen. Lehena: «Itsasontzi bat aspaldi samar bota zuena aingura/ nonbait eraman gaitzakeena gure asaben mundura/ baina nik egin nahi nuke hemen, gaur egunakin lotura/ ta ulertzen dut geldi dagola nik metafora modura/ bakar-bakarrik ikusten zaio izan zanan hezurdura/ abertzaleon askapen nahiak ekartzen dizkit burura».

Sarasuaren eta Egañaren jolasa

Andoni Egañaren eta Jon Sarasuaren txanda etorri zen ondoren. Bai, Jon Sarasua ere aritu zen. Tira, ez zuzenean. Kontua da, bertsozale batek jolas bat proposatu zuela. Hartara, Egañak eta Sarasuak 1995ean elkarrekin egindako saio bat ekarri zuten gogora. Sarasuaren orduko bertsoei zuzenean erantzun zien Egañak. Elkarrekin mendira joan kanpinean gaua pasatzera, eta hurrengo egunean zaku berean esnatu ziren. Sarasuak zuzen bota zion maitasunaren gezia, eta Egañak hartu. «...zorion hutsa zer dan bihotzak badaki/ gaur arteko ezina bihurtu da txiki/ goazen laister etxera poliki-poliki/ baina oraindik etzazu zakua iriki», bota zion Sarasuak 1995eko saio hartan. Eta, atzo, Egañak erantzun: «Nahiz proposamen hori ona zen aukeran/ hika segiko diat ohi diagun eran/ zakua irekita heu joan hintzen hegan/ orain ez habil plazan ta bertso zerrendan/ baina beti nahi haugu gure kanpin dendan».

Lana izan zuten bertsolariek, baita entzuleek ere. Normalean baino lan gehiago egin zuten entzuleek, baina gustuko lana, dudarik gabe. Bertso trama txiki bat osatu zuten Lujanbiok, Maiak eta Colinak eta Kursaalen bildutako entzuleek erabaki zuten unean-unean bertso tramaren norabidea. Horretarako, koloretako kartulinak banatu ziren entzuleen artean eta horien bidez agindu zieten bertsolariei zein bide hartu. Eta bertsolariak, esaneko, bidea egin zuten, eta txukun egin gainera.

Lizaso maitemindu egin zen, zeharo. Eta Iturriaga, maitasun hori ezinezko egiten duten faktoreen ahotik aritu zen. Hori ere bertsozale batek hala proposatuta. «...Nahiz ta bihotzak sentitzen duen garai bateko modura/ nola arraio gaindituko dut maitemintzean ardura/ nere buruak ez du pentsatzen bihotzak nahi duen hura», bota zuen lehena Lizasok. Iturriagaren hirugarrena, zorrotza. «Bazoaz edo eta ez zoaz, duzu erabaki beharra/ etzara joango, neuk esaten dut joatea da hautu txarra/ berriz garaile hementxe nago nire parrean karkarra/ betiko legez gainditu bainaiz jainkoa ta lege zaharra».

Harritzekoa bada ere, posta arruntez ere iritsi dira gaiak Bertsozale Elkartera. Bai, teknologia berrien diktaduraren garaian norbaitzuk eskuz idatzitako eskutitzak bidali dituzte. Zigiluak dituzten horietakoak. Horietako bat egokitu zitzaien Egañari eta Colinari. Lagun ezkutuaren kontuan -Gabonen ajea oraindik- besteak zein opari nahiko lukeen asmatu behar izan zuten biek.

Ariketa honetan egoera bitxia agertu zen. Entzuleak ez zuen txalorik jo. Ez bertsoak txarrak zirelako -bertso txarrenak ere txalotu egiten dira normalean-, atzealdeko pantailan agertzen zen mezu batek hala agintzen zuelako. «Txalorik ez». Noski, Egañak eta Colinak ez zuten mezu hori ikusten eta egoera berezia bizi zuten. Bertsolaria ez dago txalorik gabe jardutera ohituta. Eta bertsozalea ez dago txalorik ez jotzera ohituta. Colinak bigarrenean horrela kantatu zuen: «Hori ez dago zaila asmatzen bihurtu bainaiz aditu/ Andoni beti dabil lanean aritu eta aritu/ Gabonetan nahiz hau eskatzera ez den inoiz atrebitu/ bere bertsoak amaitu orduko txaloak entzun nahi ditu».

«Jon Maia eta Maialen Lujanbio. Aspaldiko partez, espero ez zenuten tokian egin duzue topo». Baina, non? Entzule batek aukeratu zuen lekua pantailan aukeran emandakoen artean. Eta, entzulea, berriz ere fokoak. Eta zein aukeratuko eta Patxi Etxebarria bertsolaria. Enplegu-bulegoko iladan jarri zituen Etxebarriak. Eta egungo finantza krisiari buruzko ale oso ederrak utzi zituzten biek ala biek.

«Ta arazo hau ez da errez eramaten/ irtenbidea ez baita errexa izaten/ inoiz pasatu al da pasa dena aurten/ langileak gabiltza lau patata jaten/ ta goikoak bankuei dirua ematen», bota zuen Maiak hirugarrenean. Eta Lujanbioren azkena: «Bankeroak burtsan ta apaizak mezetan/ eta gu Inemeko ilara honetan/ beti hain triste egon ez daukagu zertan/ noizik behin ona baita bolara luzetan/ euzkitan egotea astelehen goizetan».

Eta, Xebastianek puntuei erantzuten jardun zuen gero. Erantzungailuan bertso-eskola bateko ikasleek utzitako puntuei. Lizasok garbi erakutsi zuen ariketa horretan maisua dela. «Bertsolaritzak pasa al dizu faktura», bota zion erantzungailuak. «Galdetu gibelari berak du ardura/ edateko ere orain aldatu ohitura/ lehen txanpaina sobrante ta orain berriz ura».

Ezezagun bati kantatu beharra

Egañak eta Iturriagak jendarteko bi lagunei kantatu behar izan zieten. Fokoak erabaki zuen zeini. Ezagutzen ez zituzten bi pertsona horien ingurukoak asmatzen jardun zuten. Umore biziz aritu ziren, zirikatzaile. Eta gizon eta emakume haiek ere berdin hartu zuten erauntsia, umorez. Egañak laburbildu zuen egoeraren berezitasuna, azken bertsoan. «Ta andrearentzat beste afari bat nere kontu azkenean/ barka hankarik sartu badegu itsu-itsuko lanean/ hori askotan gertatzen zaigu bertsolari jardunean/ edozer gauza esaten degu ezer ez dakigunean».

Bukatzeko, tankera berdintsuan aritu ziren beste laurak -Lujanbio, Colina, Maia eta Lizaso- mikroa eskuan hartu eta jendartean, bata eta bestea zirikatzen. Oso bizi eta umoretsu joan zen jarduna, lagunartekoa zirudien. Izan ere, arratsalde guztia izan zen gozoa, hurbila, lagunartekoa.

JENDEZ LEPO

Bertso Eguneko hitzordua 18:00etan bazen ere, Kursaaleko kanpoaldean sekulako ilarak zeuden hiru ordu laurden lehenago. Beste behin, aretoa lepo bete zen, 1.600 lagun inguru. Bi orduko saioa bizi joan zen eta ale oso onak utzi zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo