GARA > Idatzia > > Kultura

Kultur sorkuntzaren sarea josten eta hedatzen jarraitu beharraz mintzatu da Topagunea

Atzo bukatu ziren «Esku Era» jardunaldiak Bilbon. Topaguneak antolatuta, bi egunez euskara elkarteek sorkuntza eta sortzaileekin duten lotura aztertu dute bertan, etorkizuneko erronkei begira.

p051_f01_148x92.jpg

A. B. | BILBO

Sormenarekin dituen eta izan beharko lituzkeen loturak aztertu nahi izan ditu Topaguneak, herenegun eta atzo Bilborock aretoan jorratu dituen «Esku Era» jardunaldien bitartez, «Euskara Elkarteak, sormenez ekin» lema hartuta.

Ostiralean goiz eta arratsaldez Euskara Elkarteei buruz buru-belarri aritu ostean, atzo eguerdian bukaera eman zieten jardunaldiei, goizean goizetik bi ekitaldi burututa. Bata, Jone Miren Hernandez (EHUko Gizarte Antropologiako ikertzailea), Josu Landa (Idazle eta kultur eragilea) eta Xabier Monasterio (Hizkuntzalari eta Zenbat Gara elkarteko kidea) hizlari zituen «Sormen biziz kultura» izenburuko mahai-ingurua, Koldo Tapiak gidatu zuena, eta entzuleei hitza emanez parte-hartze zabala lortu zuena; eta bestea, atsedenaldiaren ondoren, «Sortu, jaso, zabal zazu. Kulturgintzaz» izeneko saioa.

Kultur sortzaile eta sustatzaile

Bideratzaile lanetan berriro Koldo Tapia izan zuen saio horretan, Gotzon Barandiaran idazlea eta Igor Elortza bertsolaria izan ziren hizlari, Power Point eta guzti. Hiru horien aurrean, berriz, berrogeita hamar hartzaile inguru, Euskara Elkarteetako kideak gehienak, eta bat baino gehiago, Euskal Herritik kanpo euskal kultura ezagutarazi eta sustatzeko lanean ari dena.

Kultur sortzaile eta sustatzaile legez ekarpen ugari egindakoak dira bai Elortza, bai Barandiaran, eta atzokoan, erantzunak eman baino galderak bota zituzten. Guztiaren gainetik, bi itaun potolo: «Zer ikuspegirekin egin behar da euskarazko kulturgintza?» bata; eta bestea, «Zer egiteko dagokie euskara elkarteei euskarazko kulturgintzan?».

Aurretik, baina, «sorkuntza» eta «kultura» hitzei ematen diegun esanahia argitu, eta kulturgintza proposatu zuten mintzagai. Egun, gurean bizirik eta zeharka elkarri eraginez kultura tradizionala (mundu ikuskera jakin bati lotua), modernoa (nazio edo estatuena) eta postmodernoa (merkatuarena) daudela kontuan hartu zuten, eta, hein horretan, euskal kulturak espainol, frantses eta anglosaxoiarekin bizi behar duela ere bai. Behin eztabaidarako gaiak azaleratuta, euskarazko kulturgintzan herri kulturaren ikuspegia jarri zuten ardatz nagusi, eta indargunetzat, berriz, plaza eta harreman sarea, horretarako auzolana ezinbestekoa dela gaineratuz, euskarazko kulturgintza osasuntsu bat landu nahi izatekotan.

Jardunaldietan sortutako eztabaida eta egindako ekarpenei sarean jarraipena emango die Topaguneak, eta bertan esandako guztia grabatu du bideoan, aurki www.jardunaldiak.org atarian eskegitzeko. Horrela, bertan aztertutako gaietan sakontzeko eta luze hausnartzeko beta izango du nahi duen orok.

GALDERAZ GALDERA

«Euskaldunok badugu euskal kultura kontsumitzeko beharrik?» «Euskaldunok badugu euskal sortzaileen berririk?», galdera harrigarriak bota zituen Barandiaranek itaunez jositako saioan.

JARRAIPENA, SAREAN

Jardunaldietan sortutako iritzi eta eztabaidei jarraipena emango die Topaguneak, eta horretarako ekarpen guztien bideoak «www.jardunaldiak.org» atarian eskura jarriko ditu aurki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo