GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Miren Arana Lekuona eta Txus Otxoa Kontin Atxilotuen lagun eta senideen izenean

Gure semeak Urbinan atxilotu zituzten

Atxilotuen senitarteko eta lagunek hauxe azpimarratu nahiko genuke: Urbinan Ertzaintzak erabili zuen bortizkeria neurrigabea eta doakoa izan zen. Horren frogak zaurituak nola gertatu ziren eta atxiloketak nola egin ziren ditugu.

Polizien eraso bortitzenak, borrakadak, ostikoak, pilotakadak, bultzakadak eta iletik tiratzeak alegia, defentsarik gabeko jendearen bizkarretik, eta, askotan ere, eserita zegoen jendearen aurka gertatu ziren. Eta hori guztia kazetari gehienak alde egin ostean egin zuten. Kasu askotan pilotak atzetik eta oso distantzia motzean jaurti zituzten eta jende askori buruan, bizkarrean, hanketan edota besoetan bete-betean eman zieten. Hauek guztiek baimenduta izan zen ekitaldia eskaini zen lekutik alde egiten eta bide publikotik Urbinara itzultzen ari zen jendearen aurka burutu zituzten.

Gauzak horrela jende andana iritsi zen Urbinara odoletan, zaurituta, jipoituta eta ubeldurekin. Hori zela eta, anbulantziak deitu zituzten, baina horiei trabak jarri zizkion Ertzaintzak Urbinan sartzeko. Behin herrian anbulantziak, zaurituetako batzuk joan ziren ustez sendatzera, baina ustekabe itsusiekin egin zuten topo: hainbat kasutan zaurituta zeuden lagunak Poliziak bortizki sakabanatu zituen eta bi lagun medikuaren laguntza jasotzen ari zirela atxilotu zituzten. Zauriek eta ubeldurek atxilotzeko gai bilakatzen zuten jendea.

Senideok atxiloketek iraun bitarteko informazio eza ere salatu nahi dugu. Gehienei ez ziguten abisatu eta batzuei gauerdian deitu zieten. Atxilotu bat «desagertua» egon zen ordu batzuez, Lakuan ez baitzioten bere aitari haren berri ematen berari buruz galdetzeko deitu zuenean. Hirugarren egunean, goizaldean, atxilotuak Madrilgo bidean zeudela esan zieten senideei hauen eta lagunen nahasmendua areagotuz.

Atxilotuak komunikatuak zeudela esaten baziguten ere, de facto inkomunikazio egoeran egon dira. Ezin zuten abokatua eskatu eta guri ez ziguten utzi komisariara arropa sartzen.

Amaitzeko alde positiboak ere aipatu nahi ditugu. Urbinako biztanleei bihotzez eskertu nahi diegu egun gogor hartan manifestariei eman zieten tratua. Hauen aldarrikapenekin bat egiteaz gain, Poliziari aurpegiratu zioten izan zuten jarrera maltzurra. Manifestariei beraien etxeak ere eskaini zizkieten oldarralditik babesteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo