GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Borondatez joaten ez diren etorkinei neurri bereziak ezarriko dizkiete europar estatuek

Paperik gabeko etorkinak 18 hilabetez atxilotuta eduki ahal izango dira, adin txikikoak aldiz, kanporatuak izango dira. Hori, eta horrelako beste hainbat neurri erabiliko dituzte gobernuek, Europako Legebiltzarrak onartutako Itzulera zuzentarauaren babesean.

Janire ARRONDO

Europako Legebiltzarrak ekainean onartu zuen Itzulera zuzentarauak paperik gabeko etorkinak beraien herrialdeetara itzularazteko arau eta tresna berriak jasotzen ditu. Zuzentarauaren helburu nagusia da Europara etortzen diren etorkinei «eman beharreko tratua» herrialde guztietan bateratua izatea. Legearen bultzatzaileen hitzetan, «etorkinak beren borondatez itzultzea» lortu nahi dute, eta horretarako 7 eta 30 eguneko tartea ematen dute. Hala ere, hainbat kasutan epe hori luza daiteke, esaterako, seme-alabak eskolatuak izanez gero.

Ez itzultzea erabaki duen etorkina atxilotzeko, berriz, agindu administratibo bat nahikoa izango da; lehen, ordea, beharrezkoa zen epaile baten agindua. Kasu horretan, atxilotua egon arren ez dituzte espetxera eramango, egokitutako zentroetara baizik. Hasieran 6 hilabetez eduki ahal izango da atxilotuta etorkina, baina, itzulera kudeatzeko arazoak agertuz gero, 18 hilabetetaraino luza daiteke epe hori. Behin itzulia izaten denean, berriz, etorkinak ezingo du beste bost urtetan berriro Europara etorri.

Adin txikikoak tartean direnean, familiak, edo arduradunik gabe etortzen diren gazteak egokitutako zentroetan sartuko dituzte, «ahalik eta eperik laburrenean».

Bakarrik datozen adin txikikoak, ordea, zuzenean kanporatuak izan daitezke, baita tutorerik edo arduradunik ez duten herrialdeetara bidaliz ere; hala ere, doazen herrialdean «harrera zerbitzu egokiak» daudela ziurtatuko da. Zentroetan barneratuta dauden bitartean, berriz, «hezkuntza jasotzea» bermatuko zaie.

Dirulaguntzak jasotzeko asmoa

Iaztik 2013. urte bitarterako itzulera gastu guztia, europar funtsek finantzatuko dute; hain zuzen ere, 676 milioi euro bideratuko dira horretara. Zuzentarau hori aurrera ateratzeak, orain arte erabili ezin izan den diru funts hori desblokeatzea ekarriko du. Diru hori jasotzea izan daiteke, legea aurkako ahotsik gabe gainditzearen arrazoietako bat.

Izan ere, PSOEk legea eztabaidatzeko lehen egunean hainbat zuzenketa aurkeztu zituen, batez ere, «adin txikikoen kanporatze eta atxiloketa aginduen neurriak leuntzeko». Azkenean, baina, atzera bota ziren. Horietakoren bat aurrera aterako balitz, diru-funtsak blokeatuta geratuko lirateke gutxienez beste bi edo hiru urtetan. Europako Gobernuek legea onartu ondoren, laguntza horiek etorkinen itzulera gastuak ordaintzeko erabili nahi dituzte.

«Jakingo banu ez nintzen etorriko»

Euskal Herriko etorkinen hainbat elkartek gogor salatu du neurri horren sorrera. «Lege honekin europar itxurako ehunka `Guantano' sortu nahi dituzte», salatu zuten Donostiako Esperanza Latinaren egoitzan egindako agerraldi batean.

Malen-etxea emakume etorkinen elkarteko Soraya Ronquillo kideak GARAri adierazi zionez, «dagokigun moduan, guk Europan eskubide guztiak dituen herritar moduan bizi nahi dugu». Haren hitzetan, Itzulera Zuzentarauak Giza Eskubideetako «libreki mugitzeko eta herrialde batera sartu eta ateratzeko» eskubidea urratzen du. «Baina, nola liteke Europa `demokratikoan' 18 hilabeteko atxilotze aldia bezalako neurri errepresiboak onartzea?» galdetzen du Ronquillok. Horrelako neurriek «ezezko moral eta etikoa merezi» dutela dio berak, «Europara gatozenak lanera gatozelako, gure herri eta familiak atzean utzi, eta bizimodua ateratzera». «Paperak ez izate hutsagatik, ezin gaituzte gaizkile moduan tratatu», gaineratu zuen.

Ana Cejas Mi nuevo Potosí boliviarren elkarteko kideak adierazi zigunez, berriz, «ezinegon» handia sortzen du egoera horrek. Cejas alarguna da eta bost haurren ama, eta bi urte eta erdi daramatza Euskal Herrian bizitzen. Familia aurrera ateratzeko lana behar zuelako etorri zen. Itzulera Zuzentarauarekin «egoera asko okertu da», haren hitzetan. «Beldurrez bizi gara» dio berak, «izan ere jende asko atzeman dute, lokutorioetan horietako asko, eta horrelako lekuak dira guk gure familiakoekin hitz egiteko dugun aukera bakarra». Cejasek adierazi zuenez, hemendik gutxira bere herrira itzultzeko asmoa du, baina, «hemen horrelako egoeran egongo nintzela jakingo banu, ez nintzen sekula etorriko».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo