GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Ituren, Aurtiz eta Zubietako inauteriak

Joaldunen taupadak eta imajinazioa borborka

Joaldunak bai, dotoreak, sasoikoak eta odolkiak ordainetan ematen dituztenak gainera, iturendarrek eta aurtiztarrek zuzen erantzun baitzioten herenegun zubietarrek egindako bisitari. Baina inguruko inauterietan erruz dago imajinazioa, lotsagabekeria, eta, zergatik ez, erokeria ere bai. Euriak trakestu bai, baina ez zien zapuztu inauterietako azken eguna.

p020_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Jada laugarren eguna jaian, janean, edanean... eta nork esango luke joaldunek joareak astinduz eragiten duten «burrunba» entzunda. Atzokoan Iturengo eta Aurtitzeko herritarrei zegokien aurreko egunean zubietarrek egindako bisitari erantzutea, eta azken hauei, berriz, behar bezalako ongietorria ematea. Azken egun hauetan gose handirik pasa gabekoak dira Zubietako bizilagun asko, baina atzo ere gaueko parrandak utzitako ajea uxatu eta indarberritzeko gosari ederra egin ostean abiatu zuten eguna. «Gero ere izango da dietan jartzeko astia». Horrelaxe, umoretsu zegoen Joseba Mendiburu zubietarra alkandora eta gona zuria, ardi-larruak soinean, eskuan zaldi buztanarekin egindako isipua eta estu-estu zintzarriak lotu eta kalean barrena abiatzear zirela. «Ondo lotu behar dira gerri parean ez goregi eta ezta beheregi ere, zintzarri bakoitzak bost kilo pisatzen baititu», azaldu zuen hanka eta guzti tiraka, elkarri joareak lotzen ari zirela. Atzo gainera, euriak ez zuen barkatu, eta zamatu beharreko pisua minutuz minutu handitzen joan zitzaien.

Dagoeneko eskarmentua hartua da Mendiburu, hogeitaka urte baitaramatza Zubietako, Iturengo eta Aurtizko inauterietan hain ezagun bilakatutako mozorroari eta usadioari eusten. Ez du, beraz, entsegu handien beharrik: «Azken egun hauetan aritzen gara batez ere, baina urteko edozein sasoitan afari ederra egin eta jantzi izan ditugu joareak». Inauteriak, ordea, modu berezian bizi dituzte: «Urte hauetan guztietan behin baino ez dut huts egin. Orduan gaixorik nengoen eta pena ederrarekin baina irten gabe geratu nintzen». Usadio honen etorkizuna gainera oparoa dela ohartarazi zuen: «Belaunaldi berri bat dator atzetik oso gogotsu, neska eta mutil gazteak ere irteten dira».

Ostatuaren azpian duten egoitzan prestaketak egin, atarian belarria eta joareak findu eta abiatu ziren inor gor uzteko moduko taupadak eraginez, Iturengo eta Aurtizko bisitarien ongietorrira.

Jaiari musika eta kolorea jartzen badiote ere, bailara honetako inauteriak joaldunak baino askoz ere gehiago dira. Imajinazioa, lotsagabekeria, erokeria... Pixkanaka herriko plazara mozorrorik bitxi eta birziklatuenak agertzen joan ziren: hiru hankadun pertsonak, «sastraka-gizonak»...

«Sorpresatxoa hartuta»

Bai, batzuentzat nahikoa hosto mordoxka hartu eta erabat estaltzea edota aurpegia tapatu eta eskuartean hildako oilasko bat hartzea. Helburua, batetik eta bestetik bertaratutako bisitariak aztoratu eta irribarrea eragitea da. Haiek behar den moduan erantzun zieten, builaka eta argazki kamerak hartuta. Baten bat, gainera, oparitxo ederra hartuta itzuli zen etxera. Inauteri hauetan ez zaio inori barkatzen eta parean tokatuz gero, asto gorotza, irina, sagar ustelak... edozer jasotzeko arriskua dago. Atzo euria izan zuten lagun bisitariek, aterkiekin babesteko aukera izan zutelako.

Baziren taldekako mozorroak ere, «Goiko taberna» irudikatzen zuena, futbolin eta guzti,«kixulabea», infernutik bertatik iritsitako autoa... Kosta egiten zitzaion martxan jartzea, baina behin jarrita hura zen hura autoaren orroa.

Gisa horretan zirela iritsi ziren Ituren eta Aurtizko joaldunak, eta zubietarrek bidea zabalduaz sartu ziren herrira. Kalean gora eta behera jardun zuten joare taupadaka eta ordu erdiz edo aritu ostean sartu ziren ostatu azpira. Bertan zuten zain indarberritzeko bazkaria, berriz ere ilunabarrean kalejiran hasi aurretik.

Inauteriak amaituta jaiaren alderik gogorrena etorriko zaie bihar zubietarrei, kontuak kitatzeko orduan. Azken egunetan jan eta edan dituztenak ordaindu behar dituzte eta horrexegatik deitzen diote biharkoari «Kontuen Eguna».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo