GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Wikiliburuen bidez, auzolanean, Euskal Curriculuma garatzeko deia egin du EHBEk

GARA |

Euskal Herriak Bere Eskola herri mugimenduak Euskal Curriculuma eraikitzeko proposamen berritzaile bat egin du oraingoan: wikiliburuen bidez Euskal Curriculuma garatzea, hain zuzen ere.

Wikiliburuak MediaWiki fundazioak sorturiko proiektua da, Wikipediaren antzekoa. Teknologia eta hizkuntza berri bat erabiliz, modu erraz batean, talde lanak egiteko aukera ematen duen proiektua, alegia. EHBEk egitasmo honetaz baliatuz, etorkizuneko euskal ikasleen curriculumak izan beharreko eduki, konpetentzia eta baloreen garapena auzolanean egitea proposatzen die euskal herritarrei.

Gai-zerrenda osatuz

Orain arte egindako lana, hau da, Euskal Curriculum espezifikoa, EC oinarrizkoa eta EC komuna izeneko hiru txosten teknikoak jada http://eu.wikibooks.org/wiki/Euskal_Curriculuma helbidean daude ikusgai.

Baina, EHBEk adierazi bezala, horiek ez dira eskolan erabiltzeko moduko testuliburuak, txosten teknikoak baizik. Horiek horrela, onartutako txosten horien garapena egitea proposatzen dute. Adibide praktiko bat ere aurkezten du, ariketa hobeto uler dadin.

Gizarte Zientzien atalean, ikasgaia antolatzeko parametro nagusiak eta ikasleek zehazki zein konpetentzia eskuratu behar dituzten zehazten da aipatutako txostenetan, baita konpetentzia horiek eskuratzeko hainbat galdera ere, gai-zerrenda propioarekin.

Gakoa gai-zerrenda horietako bakoitza osatzen duten izenburuak garatzen joatea da. Horietako bat da, adibidez, «Lehen Mundu Gerra eta haren ondorioak Ipar Euskal Herrian».

Auzolanaz egingarria

EHBEren aburuz, «orduak eta orduak» behar dira lan hau garatzeko. Izan ere, ikasgai bakoitzean 13 mailatan erabilgarriak diren testuliburuak behar dira. Hala eta guztiz ere, herri mugimenduaren iritziz, auzolanaren bidez «egingarria» da eta horren lekuko ikastolen sorrera edota UEUrena ekarri du gogora.

EHBE «Euskal Curriculuma, aldarrikatu, borrokatu, eraiki» lelopeko kanpainan buru-belarri ari da azkeneko aste hauetan, eta dagoeneko 630 atxikimendu jaso ditu kaleratutako manifestuak. Leloak dioen moduan, Euskal Curriculuma, aldarrikatu eta borrokatzeaz gain eraiki egin behar dela diote eta horixe da proposamen honen funtsa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo