GARA > Idatzia > > Ekonomia

Bizkaiko okindegiek ez zituztela prezioak adostu ebatzi du ikerketa batek

GARA |

Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak (TVDC delakoa) amaitutzat eman du Bizkaiko Okin eta Ogi Saltzaileen Elkartearen eta horren kideen aurka 2007. urte amaieran ogiaren prezioa garestitzeko hitzarmen bat adostu ote zuten argitzeko abiarazitako ikerketa.

Auzitegi horrek atzo azaldu zuenez, prentsan azaldu zen albiste bat dela-eta hasi zuten ikerketa. Albisteak hizpide zuen okinak eta ogi-saltzaileak batzen dituen elkarteak prezioak garestitzeko hartu zuen ustezko akordio edo gomendio bat.

Informazio hori abiapuntu hartuta, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak auzia ikertu zuen. Ikerketa hori da, gainera, Zerbitzuak, sortuz gero, burutu duen lehen lana. Besteak beste, ikuskatu egin zuten Elkartearen egoitza eta Elkarteari nahiz Bizkaiko okindegi ugariri informazioa eskatu zieten. Behin ikerketa amaituta, lehiaren babeserako Zerbitzuak auzia amaitutzat emateko proposamena egin zion Auzitegiari.

«Prezioetan berdintasunik eza»

Izan ere, zerbitzuak egindako ikerketak ez du agerian jarri «inolako idatzizko ebidentziarik, Elkarteak prezioen gainean eginiko gomendiorik edo Bizkaiko okindegiek adosturiko prezio igoera» frogatzen duenik.

Gainera, ikerketak egiaztatu du herri bereko okindegietako prezioetan «berdintasunik ez» dagoela, ezta 2007. urte amaieran egondako prezioen gorakadetan ere. Gainera prezioen igoera «ogia egiteko irinaren prezioaren garestitzeak azal dezakeela», adierazi du.

Azkenean, beraz, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak ikerketa aurrera eramateko arrazoirik ez dagoela ebatzi du, eta, hein horretan ikerketa amaitutzat emateko erabaki du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo