Uztailaren 26an, San Mamesen, Springsteen «ametsak eraikiz»
Atzo, «Working for a dream» lan berria mundu osoan salgai jarri zuen egun berean, iragarri zuen Bruce Springsteen izarrak datorren uztailaren 26an Bilboko San Mames zelaian kontzertua emango duela, E Street Band taldearekin batera. Alta, oraindik ez da sarrerarik salgai.A. BILBAO | BILBO
Bruce Springsteen izar estatubatuarrak Euskal Herria gustuko du antza, eta 2007an Barakaldon eta iaz Donostian jo ostean, San Mames zelaia zapalduko du datorren uztailaren 26an, lan berria zuzenean aurkezteko, atzo web atarian argitara eman zuenez.
Hirurogei urte betetzear denean (irailaren 23an) eta «Magic» argitaratu zuenetik hamabost hilabete baino pasa ez direnean, atzo jarri zuen salgai «Working for a dream» (Sony-BMG) mundu osoan, eta modu honetan 2002an «The Rising» lanarekin hasi trilogia itxi du.
New Jerseykoaren hogeita laugarren lanak hamairu kantu biltzen ditu, aurreko lanetik kanpo utzitako batzuk tarteko («Working for a Dream» bera, esaterako), Atlantan (AEB) grabatu dute eta Brendan O´Brien (Black Crowes, Pearl Jam) arduratu da ekoizpenaz.
«Workin for a dream» hiru formatutan jarri dute salgai. Ohiko CD formatuan, binilo bikoitzean eta DVDn. Azken formatu hau diskoaren grabaketaren 30 minutuko bideo bat eta web orrian baino argitaratua ez duen «A Night With the Jersey Devil» kantua eta guzti.
Lan «Obamazalea»
Lanak AEBetan Obamaren garaipenak sortu duen itxaropen zantzuak biltzen ditu. Obamak berak Springsteenen «The Rising» eta «No surrender» kantuak erabili zituen hauteskunde kanpainan, eta kantariak diskoari izena ematen dion «Working for a dream» abestia egun Estatu Batuetako lehendakari denari eskaini zion, opari gisa, estreinako aldiz eta bere aurrean azaroaren 2an Clevelanden jo ostean. Dagoeneko aipatu dugun «Working for a dream» kantua ez ezik, garai berriei ilusioz begiratzen dien «My lucky day» ere Obamazalea dugu. Gainerakoen artean, iaz zendutako Danny Dederici teklatu jotzaileari eskainitako «The Last Carnival» eta Urrezko Globoa irabazi duen «The Wrestler» kantua, izen bereko filmean ageri eta Oscar sarietarako izendatua dagoena, aurki daitezke ohi bezala E Street Band indartsuarekin grabatutako lan honetan. Gainera, orain arte oso kritika onak izan ditu «Working for a dream» lan berriak, bere herrialdeko musika aldizkarietan.
Zuzeneko bira Estatu Batuetako Tampa hirian abiatuko da datorren igandean. Europara maiatz bukaera aldera helduko da, eta uztailaren 26an Bilbotik igaro ostean Benidormen, Sevillan eta Valladoliden jo eta gero Santiagon bukatuko da. Sarrerak aurki jarriko dituzte salgai.