GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Ezker abertzalea datozen hauteskundeetan? «Ezta legea puntuz puntu beteta ere!»

Izenburuko hori izango da Gobernu espainolaren lema aurrerantzean, alor honetan aurretik zuen jarrerari eutsiz edo, behar izanez gero, baita gogortuz ere. Atzo Ramon Jauregui izan zen mezu hori zabaltzearen ardura bere gain hartu zuena, PSOEk ezker abertzalea instituzioetatik baztertzeko hartutako erabaki politikoa helburu horrekin berarekin sortu zuten Alderdien Legearen gainetik jartzeraino.

Ildo berdinari jarraituz, komunikabideek hautesle zerrenda «zurien» eta «zikinen» arteko desberdintasunetan kokatu dute eztabaida, era honetan euskal gizartearen sektore horrek hauteskundeetan parte hartzeko duen eskubidea eta borondatea ezkutatuz.

Nolanahi ere, gogora ekar daiteke zenbait euskal politikarik ezker abertzaleari horixe aurpegiratu izan diola, borondate falta. «Biktimismoa aldarrikatzea» egozten zieten, adibidez, agintari jeltzaleek. Biktimista, definizioz, biktima izan gabe, balitz bezala jokatzen duen pertsona da. Baina, hauteskundeetara aurkeztu nahi izateagatik kartzelan dagoen norbait biktimista izan al daiteke? Herritarrak, hauteskunde garaian, zerrenda «zuriak» bilatzeaz baino gehiago «zurikeriaren zerrendak» aurkitzeaz arduratu behar dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo