GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Biharko grebarako prest, Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko sindikatu guztiek bat egin dute Estatu frantsesean biharko antolatu den greba eta mobilizazio egunarekin. Langile-protestaren helburua Sarkozyren Gobernuak aurrera atera nahi dituen erreformak bertan behera uztea da. Erreforma hauen bitartez, eta krisi ekonomiko orokorra aitzakia gisa hartuta, Errepublikako agintariek zerbitzu publikoak murriztu eta lanpostuak zein eskubide sozialak deuseztatu nahi dituzte. Hezkuntza, osasungintza eta zerbitzu sozialak izango dira alor kaltetuenak. Ondorioz, langile xumeak, langabeak eta, orokorrean, babesgabeenak diren herritarrak izango dira erreforma zuzenean pairatuko dutenak. Hain da larria egoera, sindikatu frantsesek beraien arteko desadostasunak baztertu eta batasuna hobetsi baitute. Salbuespen bakarrarekin, ordea, atzo egin zuten agerraldi publikoan Baionako Lan Auzitegian hirugarren indarra den LAB sindikatua baztertu zutelako. Alain Duzert-ek, CGTko ordezkariak, esan zuen «biolentzia kondenatzen ez duelako» baztertu dutela LAB. Esan bezala, baina, egoera hain denez larria, nekez pentsa daiteke protestak areagotu ahala frantziar Estatuan CFTko edo beste edozein sindikatuko kiderik «biolentzia erabiltzeagatik» kolpatu edo atxilotuko ez dutenik. Baina, jakina, Duzert beste biolentzia klase bati buruz ari da. Honetan ere klaseak baitaude, klase-borrokaren gainetik nabarmen daudenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo