GARA > Idatzia > Kirolak > Tenisa

Australiako Irekia

Melbourneko eguzkiaren sutan erre da txapelduna

Novak Djokovic serbiarra, munduko hirugarrena eta lehiaketako egungo txapelduna, erretiratu egin da final-laurdenetan, bero kiskalgarriaren eraginez.

p045_f01_555x555.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Euskal Herrian egunotan bizi dugun negu giroa ikusita imajinatzen zaila baldin bada ere, Australian uda bete-betean daude eta, urtero bezala, aurten ere bero kiskalgarriak muturreko egoerara eraman ditu Australiako Irekia jokatzen ari diren tenislariak. Eguraldi sargoriaren azken biktima Novak Djokovic serbiarra izan da, egungo txapelduna, hain zuzen ere.

Andy Roddick estatubatuarraren aurka final-laurdenetako kanporaketa jokatzen ari zen munduko rankingean hirugarren postuan dagoen tenislaria eta emaitza amerikarraren aldekoa zen Djokovicek partida bertan behera uztea erabaki zuenean: 6-7 (3), 6-4, 6-2 eta 2-1.

Australiako Victoria eskualdeak egunotan bizi duen bero jasak 38 graduko tenperaturak utzi zituen Melbourneko Rod Laver Arena tenis pistan. Djokovic lepoaldean izotza jarriz ibili zen behin eta berriro, eta fisioterapeutaren laguntza ere behar izan zuen besoan eta sorbaldan zuen mina leuntzen saiatzeko. Hainbat sesioren ondoren, erretiratzea erabaki zuen.

«Kalanbreak sentitu ditut eta gorputz osoa neukan minduta. Muturreko baldintzak izan ditugu gaur eta niri gehiago erasan didate berari baino», adierazi zuen iazko txapeldunak. Gaineratu zuenez, Marcos Baghdatisen aurkako final-zortzirenetako partidatik datoz arazo horiek. Neurketa hura igandeko goizaldeko 2.30ean amaitu zen eta kazetarien galderei erantzuten denbora asko eman ondoren 6.00ak aldera oheratu zen. Hurrengo goizean ez zen entrenatzeko gauza ere izan. Horregatik, Djokovicek final-laurdenak ere gauez jokatzeko eskatu zion antolakuntzari, baina bere eskaera ez zuten onartu.

«A-Rod», bere onenean

Horrenbestez, Andy Roddick finalerdietan da jada. «A-Rod», Larry Stefanki entrenatzaile berriaren esanetara, aspaldian erakutsi duen mailarik onena ematen ari da Melbournen. Joko zuzenaren maitale sutsua, sarean jokatzera bultzatu du Roddick hasieratik eta, oraingoz, oso emaitza ona ematen ari zaio, bere sake beldurgarria baliatzeko modu onena baita.

Finalerdietan, gainera, hobekuntza hori erakusteko aukera paregabea izango du Roger Federer suitzarraren aurka -17 aldiz jokatu dute elkarren aurka eta bi garaipen bakarrik lortu ditu-. Rankingeko bigarrenak aise menderatu zuen atzo Juan Martin Del Potro argentinar gaztea. Federerrek 80 minutu eskasean kaleratu zuen aurkaria, hiru setetan: 6-3, 6-0 eta 6-0.

Suitzarrak final-zortzirenetan ikaragarri sufritu zuen Tomas Berdych txekiarraren aurka eta bost set behar izan zituen neurketa irabazteko. Del Potroren aurka, ordea, dena alde izan zuen eta norgehiagokak utzi zituen zenbakiek argi erakusten dute hori: 13 joko segidan irabaziak, 12 tanto saketik zuzenean eta 38 kolpe irabazle. Oso motibatuta ikusi zitzaion gainera tanto guztietan eta badirudi serio hartu duela bere 14. Grand Slama irabazi eta Samprasen marka berdintzeko erronka.

Safina edo Zvonareva, errusiar bat finalean da

Maria Sharapova, iazko txapelduna, min hartuta egon arren, Errusiako ordezkariek ez dute kale egingo urteko lehen Grand Slamaren finalean. Izan ere, Dinara Safina eta Vera Zvonareva errusiarrek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan. Safinak hiru setetan menderatu zuen Jelena Dokic, jatorri serbiarreko australiarra: 6-4, 4-6 eta 6-4. Beijingeko Olinpiar Jokoetan zilarra irabazi zuen Dinara Safinak eta Melbournen Grand Slameko bere bigarren finala jokatzeko aukera izan dezake bere herrikidea gainditzen badu.

Ez du lan erraza izango, ordea. Eguneko beste norgehiagokan, Vera Zvonarevak bi setetan, 68 minututan, menderatu zuen Marion Bartoli frantsesa: 6-3 eta 6-0. Bartoli 3-1 aurreratu zen lehen jokoan, baina hortik aurrera ez zuen bakar bat gehiago egin, Zvonarevak hamaika egin baitzituen segidan. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo