Bilboko Kafe Antzokiaren aldeko adierazpena plazaratu dute kultura arloko ehunka lagunek
GARA | BILBO
Hainbat eta hainbat kultur eragilek -musikariak, antzerkilariak, idazleak, ekintza sustatzaileak, bertsolariak, dantzariak, kazetariak...- Bilboko Kafe Antzokiaren itxieraren aurkako adierazpenari euren babesa eman diote eta konponbidearen aldeko deia egin diote Bilboko Udalari. Itxierak sorrarazi dien «kezka eta larritasuna» azaldu nahi izan dute modu honetara eta proiektuaren bideragarritasuna bermatuko duen konponbidea ahalbidetzeko eskatu dute. Manifestuan diotenez, «Bilbo eta Euskal Herri osoa prestigiatu eta ezaugarritzen dituen Kafe Antzokia, biziko bagara, ezinbestekoa baita kultur nortasunak, sustraiturik eta zabal, mamitzen eta finkatzen ari diren garai erabakior hauetan».
Kulturgileek nabarmendu dutenez, «gure kulturaren panorama indargean, 1995ean Kafe Antzokia Bilbon sortu izana ekarpen berri eta ezin garrantzizkoagoa izan zen. Hamahiru urte hauetan kulturgune oparoa bilakatu da; sustraitu eta irekia, gure kulturarentzako sustatzaile izaki, gure mugetatik harago ere ospea bildu du. Gutariko asko bertan jardundakoak gara eta ozenki azaldu nahi dugu harro sentitu eta sentitzen garela halako kulturgune eraginkor eta enblematikoa Bilbon garatu izanaz».
Segurtasuna
Segurtasunari dagokionez, sinatzaileek «ezinbesteko baldintza» dela onartzen dute eta Kafe Antzokiarentzat ere hala dela ziurtatzen dute. Halaber, gogoratzen dute «Kafe Antzokiak dagokion edukiera handitzea galarazten duela egun Bilboko Udalak, berau kokatuta dagoen gunea udal ordenantzen arabera saturatua dela argudiatuz», Horregatik, kulturgileek Bilboko Udalari legezko edukieraren aferan «gauzagarri dirudien konponbidea lehenbailehen ahal-bidetu dezan» eskatzen diote. Kafe Antzokiak oraindik ere zabalik du atxikimenduak jasotzeko bidea: elkartasuna@kafeantzokia.com helbidean. Bestalde, www.kafeantzokia.com webguneko adierazpen orokorra sinatu duten internautak 4.500 baino gehiago dira dagoeneko. Gainera, Facebook sare sozialean badira beste 800 lagun baino gehiago Kafe Antzokia Martxan izeneko ekimenarekin bat egin dutenak.
Sinatu dutenen artean, kultur arloko jendea -euskaldunak zein kanpotarrak- dago: Fito Cabrales, Benito Lertxundi, Amparo Sanchez, Doctor Deseo, Ruper Ordorika, Anari, Albert Pla, Kukubiltxo, Aizpea Goenaga, Andoni Egaña eta Igor Elortza, beste askoren artean.