GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Egungo txapeldunak berriro ere finalean sartu dira

Larretxeak eta Atutxak hasieratik bukaerara menderatu zituzten Nazabal eta Mugertza II.a.

p038_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Donato Larretxeak eta Aitzol Atutxak, egungo txapeldunek, lortu zuten atzo Legution Urrezko Aizkorako finala jokatzeko lehen txartela, Floren Nazabal eta Ugaitz Mugertza mendean hartu ostean.

Nafarrak eta bizkaitarrak saioko ekitaldi guztiak irabazi zituzten, eta amaieran minutu bateko aldea izan zuten alde. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren, eta Larretxeak eta Atutxak 33 kolpetan erdibitu zuten enborra, eta hiruren aldea kendu zieten aurkariei.

Jarraian, txanda librean 60 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, eta Donatok eta Aitzolek irabazi zuten berriro ere. 2.32ko denbora egin zuten eta hamar segundoko tartea kendu zieten aurkariei. Hirugarren lanean, bi 45 ontzako erlojuz kontra moztera lehiatu ziren, eta berriro ere betikoak nagusi. 1.45 izan zen beren denbora eta beste zazpi segundo sartu zizkien aurkariei. Ondoren, 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda moztu behar zuten, bakoitzak bat, eta berriro ere Larretxea eta Atutxa izan ziren nagusi. 2.04 izan zen beren denbora eta beste hamalau segundo kendu zizkieten Ugaitzi eta Floreni.

Azken aurreko lanean, bi 60 ontzako moztea egokitu zitzaien, bakoitzak bat, eta berriro ere txapeldunak nagusitu ziren. 4.31 izan zen egindako denbora eta hamabi segundo kendu zizkieten gipuzkoarrari eta nafarrari. Azkeneko lanean, txanda librean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten, eta hor ere Larretxea eta Atutxa gailendu ziren. 9.54 izan zen amaitzeko behar izan zuten denbora eta 18 segundoko tartea kendu zieten aurkariei. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxak, eta 22 minutu eta 17 segundo izan zen Nazabalek eta Mugertzak egindako denbora.

Gazte mailakoan, lehen faseko azkeneko saioa jokatu zen, eta Rodriguez II.ak eta Jauregik eskuratu zuten finalerdietarako txartela, Mugertza II.a eta Alkizalete II.a menderatuta. 16.49 izan zen garaileen denbora eta 18.04 gipuzkoarrena. Erasun-Kañamares, Olano-Saralegi eta Larretxea lehengusuak ere finalaren atarikoa jokatzeko sailkatuta zeuden.

Nafarroako Bigarren Mailan jarraitzeko kanporaketa ere jokatu zen herenegun Iturenen, eta Arkaitz Olanok eta Telletxeak lortu zuten jarraitzea. Pikabeak eta Xanti Olanok maila galduko dute, Iker Gorritik galdu zuen bezalaxe. Bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat erdibitu behar izan zuen aizkolari bakoitzak eta Arkaitz Olano leitzarra izan zen nagusi, 8.57ko denbora eginda. Telletxearen denbora, berriz, 9.23 izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo