Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna
Giza eskubideen ukapen instituzionala
Giza eskubideen zorigaitza: gehien aipatzen dituztenak dira gehien urratzen dituztenak
Ukapen unibertsala: 2008. urtean 60 urte bete zituen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak. Baina zenbat urte beteko ditu giza eskubide horien beren ukapen mundialak? Zer ospaturik ba al zen benetan 2008an? Izan ere, 1948an NBE halako aldarrikapen bat adostera iristea aurrerapauso nabarmena izan zela ezin uka litekeen bezala, ordutik hona paper busti soila izan dela diotenen oihartzuna ere ezin isil daiteke.
Ukapen instrumentala: historian gehiegitan errepikatu izan den moduan, honetan ere hasierako asmo onak gutxi batzuen interes eta komenientziaren menpeko zerbait bilakatu direla dirudi. Azken hamarkadetan nazioartean emandako gertaera zehatzak medio, giza eskubideak, gizartearen oinarrizko zutabe baino, botereak unearen arabera erabili eta ondoren bota dituen bitarteko izan dira.
Ukapen instituzionala: estatuek osatutako NBEn onartutako eskubideok estatuek era jarraian eta horren jakitun izanik urratzen dituzte. Lehen unetik, adierazpenaren sinatzaileek berau hautsi eta hustu dute modu sistematikoan. Bitartean, botere eta interes ekonomiko-politikoak erdiesteko aitzakia gisa erabili dituzte gainera, egunerokoan etengabe zapaltzen zituzten eskubide berberak. Alta, pertsona eta talde andana izan da terrorista gisa etiketatua adierazpena ez betetzea leporatuta; hamaika herrialde inbaditu eta milioika zibil erail dituzte giza eskubideen izenean.
Eskubide zapalketa oro da onartezina, burutzen duenak burutzen duela. Guztiaren atzean bere burua demokratikotzat saltzen duen eta herritarren ordezkaritza organo den estatu bat dagoenean, gainontzeko denak galtzen du zentzua: AEBek indiar herriari eragindako sarraskietatik Afganistan eta Irakeko inbasioetaraino; hauen aliatu Israel eta 1948tik palestinarrei pairarazitako genozidioa... Bi horiek giza eskubideak urratzeko duten erraztasuna harrigarria da. Eragindako hilketa eta txikizioa neurtezina. Haien agintarien ahotan, ordea, giza eskubideak etengabe aipatuak izan dira. Giza eskubideen zorigaitza: gehien aipatzen dituztenak dira gehien urratzen dituztenak.
Hurbilago, Estatu espainiarrari dagokionez, giza eskubideen inguruko kultura gabezia nabaria da. Gizatalde eta ideia jakinei dagokienez, ezezagun zaizkie, antza, besteak beste, adierazpenaren honako puntuak: 3. artikulua: guztiok dugu bizitzeko eta aske izateko eskubidea; 5. art.: ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor, tratu txar eta ankerrik eman; 7. art.: guztiok berdinak gara legearen aurrean eta denok dugu legezko babesa izateko eskubidea; 9. art.: inor ezingo da arrazoirik gabe atxilotu, preso hartu edo erbesteratu; 10. art.: pertsona orok du, berdintasunean, auzitegi independente eta alderdikeriarik gabekoan entzun diezaioten eskubidea; 11. art.: salatuak eskubidea du errugabetzat jo dezaten, errudun dela legez frogatzen ez den bitartean (...) Delitua egitean ezargarri den zigorra baino larriagorik ere ezingo zaio jarri; 18. art.: pertsona orok pentsamendu-kontzientzia askatasuna du; 19. art.: denok dugu iritzi eta adierazpen askatasuna; 20. art.: nornahik du bakean bildu eta elkartzeko eskubidea.
Estatuari ezagun eta errentagarriago zaizkio, ordea, bestelako zenbait praktika: kriminalizazioa (764 euskal preso politiko eta zifrak gorantz); dispertsioa eta zigor bikoitzaren teoria (espetxeratuak etxetik batez beste 700 kilometrora bidaltzearen ondorioz, 16 senide eta lagun errepidean hilak); bakartzea (gizabanakoa bakartu eta ezabatzearen estrategiaren baitan 16 preso hilak); xantaia (13 gizon-emakume larriki gaixorik, kartzelan hartutako gaixotasunen ondorioz gehienak); biziarteko zigorra...
Espetxeratuen kartelak ikustean, argazki bakoitzaren atzean dagoenaren eta ingurukoen egoera, samina antzematen jakitea ezinbestekoa da. Egun zehatzetako aldarrikapenak aurrerapauso bihurtzen asmatu behar dugu; gero eta baldintza okerragotan daudenei laguntzen. Ongi diseinaturiko estrategia dago guztiaren muinean. Soilik ongi antolaturik lor daiteke honi buelta ematea. Eguneroko politikako lehentasunetan barneratu behar da afera, sentsibilitatea agertzen duten eragile oro elkartuz. Dagoeneko nahiko sufrimendu ezagutu dugu; konponbiderik gabekoa legez ikusarazi nahi diguten gatazkak ezin du luze iraun. Giza eskubide guztien unea da..
Manifestazioak gizartearen momentuko isla direla pentsatu izan dut beti. U-3koa tristea, mingotsa izan zela entzun dut. Ez dut, ordea, azken urteetan elkarretaratze alairik gogoratzen. U-3an, Bilboko kaleetan, J. Lekuonaren hitzak entzun ahal izan ziren: «Itsasoan urak handi dire (...) Gure herrian lanak astun dire, gogor dire zatiturik gaudenontzat». Banaka igeri eginez ito ordez, elkarrekin nabigatzeko dei gisa ulertzen ditut hitzok; indarrak batuz aurrera egiteko, guztia hondoratu baino lehen... Denon unea da.