Eurite handiei aurre egiteko padurak beharrezko direla dio Eguzkik
Hezeguneak edo padurak zaindu beharreko lekuak direla dio Eguzki ekologista taldeak, eta «tamalez» gehienek inter urbanistikoak direla-medio arriskuan jarraitzen dutela. Horregatik, Ondarroako Alleri paduran egin asmo duten urbanizazio plana geldi dezaten eskatu dute.
GARA |
Gaurkoa Hezeguneen Nazioarteko eguna dela eta «zer ospatu handirik» ez dagoela gogorarazi nahi izan zuen Eguzkik. Izan ere, padura askok desagertzeko arriskuan jarraitzen dute «gehienak interes urbanistikoen ondorioz». Eguzkikoen hitzetan padurek aldaketa klimatikoari aurre egiteko duten balioa «azpimarragarria» da.
Taleko kideek gogorarazi zuten EHUko ikerlari batzuek duela gutxi argitaratutako ikerketa batean jakitera eman zutenez, itsasoaren maila igotzen joan dela XX. mendean zehar, eta aurrerantzean ere igotzen jarraituko duela.
Bestetik, «ibaien ondoan herritar asko bizi garela kontuan izanda», ikerlariek padurak zaindu egin behar direla aholkatu izana «kontuan izatekoa» dela esan zuten. Izan ere, padura edo hezegune horiek ura hartu eta xurgatzeko ahalmen handia dute.
Azken egunetan Euskal Herriko hainbat lekutan bizi izan diren uholdeen gainean «urteroko kontua» dela zioen Eguzkik. Beren esanetan, «etxeetatik ura ateratzen ikusi ditugun familia horietako askoren etxeak paduretan eraikiak dira». Euri asko egiten duenean ibaia bere bidetik ateratzen da eta «padura horiek dira gainezka egiteko leku naturalak, beraz etxeak urez betetzen dira» zioten.
Getxo jotzen du adibidetzat Eguzkik; izan ere, bertan «ia urtero inundazioak jasaten dituen auzoa dute». Auzoak Fadura izena du, eta «izenak berak erakusten du lehen gune hori zer zen» diote Eguzkikoek.
Hala ere, agintariek «arazo hauetaz» ohartu nahi ez izatea salatu dute. Eraikuntza enpresek «beren poltsikoak diruz loditzen jarraitzen duten bitartean», ibai ondoetan etxeak egiten jarraitzen dutela salatu zuten.
«Ondarroako altxorra»
Talde ekologistako kideek Ondarroan «altxor ekologiko eder» bat badutela adierazi zuten; hain zuzen ere, «datozen hamarkadetan euri jasei, uholdeei eta aldaketa klimatikoaren ondorio negatiboei aurre egiten lagunduko duena, baldin eta zaintzen badugu».
Ondarroako Alleri hezegunea Europar Komunitateko Intereseko Leku izendatua dago eta Eusko Jaurlaritzak berak Babes Bereziko Eremu izendatua du. Gainera, hezeguneko ekosistema «aberatsa» dela gogorarazi zuen Eguzkik, eta bertan bizi den bisoi europearra legez babestua dagoela. Nahiz eta, Ondarroako Udala kudeatzen duen gestoretzako arduradun Felix Aranbarrik, Lakuko Etxebizitza Sailak Interneten zintzilikaturik duen ikusentzunezko batean «animali horri `zomorro' hitzarekin erreferentzia egin», zioten. Bestalde, padura horiek urak garbitzeko «ahalmen handia» dutela zioten talde ekologistako kideek.
Horrez gain, herriko Udalak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntzarekin Alleriko paduran «ingurunea urbanizatu eta 500 etxebizitza eraiki nahian jarraitzea» salatu zuten Eguzkikoek. Behin eta berriz, «gune hori errespeta eta zain dezaten» eskatu zuten.
«Getxon ia urtero izaten diren uholdeak, Fadura izeneko auzoan izaten dira. Izenak erakusten du, lehen gune hori padura bat zela, beraz ez da harritzekoa hor uholdeak izatea».
Ondarroako Udala «informazioa ezkutatzen jardun bada ere» Alleriko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari alegazioa aurkeztea lortu zuten egitasmo horren aurkakoek. Aurkeztu zituzten arrazoiean artean, 1993an herriko Udalak onartutako egitasmoan ez dira ingurunearen babes beharrak kontuan hartzen. Bestetik, EKOS aholkularitzak egindako ingurumen ikerketa ez dela «baleko» adierazi zuten, «ez baitute kontuan hartzen Artibai ibaia Atlantikoko Biogeografia Eskualdeko Ingurune Berezi izendatua dagoenik». Bestetik, «ikerketak ez du kontuan hartzen ingurune hori mehatxupean diren espezieen eremua denik» zioten ekologistek. Gainera, beren hitzetan «urbanizatuko den eremuan uholdeak izateko arriskua egongo da».
Bestalde, Iñigo Lamarka araterkoarengana ere jo zuten iragan urtean Eguzki ekologista taldeak zein Alleri Zaindu plataformak. Hartara, paduran egitekoak dien etxebizitzen proiektuak «behar diren neurriak hartzeko» eskatu zioten arartekoari.