GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Lux Interior rock & rollaren «euli gizona» iluntasunak irentsi du

The Cramps psycobilly talde aitzindariaren ahots eta gidari nagusia herenegun hil zen Kalifornian, bihotzekoak jota. Taldeak rock & roll munduan jakin-min eta miresmena sortu zuen, rockaren erroei zieten fideltasuna eta zuzenean agertzen zuten grina medio.

p047_f01_97x153.jpg

A. BILBAO | BILBO

Erick Lee Purkhisser (1946ko urriaren 21a), musika munduan Lux Interior izenarekin ezagutua, herenegun hil zen Glendaleko ospitale batean (Ameriketako Estatu Batuak), Kaliforniako Los Angeles hiritik hamabost kilometrora, bihotzekoak jota.

Bere emazte Kristina Marlana Wallace, Poison Ivy, gitarra jotzailearekin sortu zuen The Cramps taldeak egin zuen ezagun Interior, eta ondorengo belaunaldietan eragin nabarmena utzi du beraien soinu (fuzz gitarra eta ahots garratzak), estetika (latex beltza) zein zuzenekoetan erakusten zuten energia bortitza zela medio.

Psycobilly gordinaren ikur, eskola sortu zuen taldeak, 1972an Sacramento hirian sortu eta 1978an «The Way I Walk» lehen singlea plazaratu zutenetik. Urte bat geroago, Europan jo zuten lehen aldiz, zuzenean The Police lagunduz.

Lehen bi EPak «Gravest Hits» diskoan bildu zituzten 1979an, eta «Songs the Lord Taught Us» eta «Psychedelic Jungle» plazaratu zituzten hurrengo bi urteetan. Beste hamarren bat ere ekoiztuko zituzten, 2004an «How to Make a Monster» azken lana argitaratu zuten arte.

The Cramps taldeko sortzaile eta gidari izateaz gain, antzinako autoei zien zaletasunagatik eta batez ere, urteetan zehar bildu zuen hasierako rock & roll biniloen bilduma oparoagatik ere ezaguna zen Lux Interior.

Kontatzen dutenez, Lasarteko Autodromoan jo zuen estreinakoz gurean The Crampsek, 1980ko hamarkadaren hasieran. Eta bozgoragailuetan gora egin ostean sabaian zegoen moketari helduta jaitsi omen zen oholtza gainera, bere pisuarekin eta astiro-astiro, moketa sabaitik desitsasten zuen bitartean. 1991ko azaroaren hamaikan itzuli omen zen taldea gurera, honakoan Anoetako kiroldegira. Eta ahoa bete hortz utzi zituen berriro zaleak, zuzeneko guztia mikroaren oinarekin oholtza apurtu nahian jo eta jo aritu zelako, zulatu zuen arte. Behin zuloa eginda, oholtza azpitik atera zen azken bisak kantatzeko.

Azkena, zuzenean

Hortik aurrera, guk geuk ikusia, 2004ko Gasteizko Azkena jaialdian, The Stooges taldearen aurretik jo baitzuen azkenengoz The Crampsek Euskal Herrian. Ordurako hirurogei urteak hurbil zituen Luxek, baina jendea asaldatu nahian ardo botila herio bizian hustu zuen oholtza gainean, larruzko prakak apurtu eta ipurdi bistan gelditu baino lehen, rockzale sutsuak orroka ziren bitartean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo