Joxe Iriarte «Bikila» Zutikeko kidea
Amorru duina
Gazan gertatzen dena telebistatik ikustea edo Gazan bertan sufritzea, ez da gauza bera. Ez da gauza bera kapitalismoaren doilorkeriarekiko informeak jasotzea edo bertatik bertara ezagutzea
Mundu honetan jende asko bizi da amorratuta. Alabaina, amorru guztiak ez dira berdinak, eta batzuek gainera bekaizti samar eta ez oso duinak dira. EZLNek, neoliberalismoaren aurka eta gizateriaren alde armaz altxatu zirela 15 urte ospatzeko antolatu berri duten Amorru Duinaren I. Mundu Jaialdiak egun krisi gorrian dagoen kapitalismoaren makineriak mundu osoan sortzen eta ugaltzen duen gizakiaren eta naturaren ustiapenak, lapurretak, jazarpenak eta erdeinuak guregan sortzen duen amorrua izan du aztergai.
Amorru bizi eta sutsua, zeren, jaialdia hasi zen egun bertsuetan Israelgo Armadak Gazako lurraldearen aurka abiaturiko eraso gupidagabeak sosegua kentzeaz gain, gure bihotzak erabat asaldatu baitzituen. Talde zein partaide guztiek Palestina zuten gogoan, eta Armada sionistaren madarikazioa ezpainetan. Neuk ere bai.
Igaro da hilabetea, eta berriro gurean murgilduta, zaharrak berri, apaldu baino amorrua areagotu egin zait. Bidegabekeria galanta iruditzen zait D3M hautesle elkartea eta Askatasuna alderdia legez kanpo uzteko makineria martxan jarri izana ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan parte har ez dezan. Doilorkeria hutsa iruditu zait D3Mko zortzi bultzatzaileen atxiloketa, eta bereziki hain estimu handitan dudan Arantxa Urkaregirena.
Amorruak gaina hartzen dit egunkaria zabaldu eta lau sosen truk edozein baldintzatan lan egin behar duen beste langile bat hil dela irakurrita. Bizi ahal izateko bizia eman behar. Heriotza guztiak tamalgarriak dira, baina batzuek besteek baino gehiago sumintzen dute gizartea, antza.
Gure mendebaldar gizarte kapitalistak bi aurpegiko txanponaren antza du. Alde batean, denak dirudi urre faltsua bezain distiratsua; eta bestean grisaren frustrazioa eta alienazioa da nagusi, eta hein batean esplotazioa eta pobrezia ere bai. Okerrena, ordea, gure desmasiak munduaren beste aldeetan sortzen duena da. «Gutxi batzuen asea, gehiengo baten gosea» lelo zaharra inoiz ez da izan hain egiazkoa. Eta gosearen eskutik pandemiak, gerrateak, gaixotasuna eta heriotza nonahi. Alabaina, zenbateraino jabetzen gara egoera horrekiko dugun erantzukizunaz? Gazan gertatzen dena telebistatik ikustea edo Gazan bertan sufritzea, ez da gauza bera. Ez da gauza bera kapitalismoaren doilorkeriarekiko txostenak jasotzea edo bertatik bertara ezagutzea.
Hitz batez: mundu garatua deritzen herrialdeotan (non Euskal Herria kokatzen den) bada giza esplotazioa, lapurreta, errepresioa, ezin uka; baina gureak ez du zerikusirik herri txiroetakoarekin, ezta garapenaren bidean omen dauden Mexiko bezalako herrialdeekin ere, non aberatsen eta pobreen arteko aldea hain denez handia eta bortitza, gertatzen diren gatazkek beste dimentsio bat hartzen baitute.
Kapuscinsky idazle eta kazetari poloniarrak behin baino gehiagotan ohartarazi zigun europarrok -ezta ezkerrekoek ere- ez dakigula ezezagunak ditugun gizarteekin parekotasunean oinarritutariko harremanak izaten. Ia beti boterearen eta ustiatzaileen ikuspegitik egin ohi ditugula. Gizarte horiek aurreiritziz beterik eta oso azaletik ikusten ditugula, oso gutxitan kontuan izanik haien balore, sinesmen eta giza harremanak. Eta badela garaia hori dena aldatzeko. Ados nago. Horrek ekarri beharko liguke, beste begi batzuekin begiratzen eta beste belarriekin entzuten ikasteaz gain, oso argi izatea mundu askok osatzen dutela mundua, eta ez globalizazioaren mitologiak sortu duen mundu homogeneo eta grisak. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, gizarte horietako balore eta bizimoduak, bere horretan, eskualdatzekoak direnik. Nori berea, hori da gizalegea.
Zilegi ote abertzale -gure herriaren maitale- izatea benetako internazionalista -humanitatea helburu- izan gabe, edo alderantziz? Agian bai. Baina horrelakorik ez dut gogoko.