Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko kanpaina hasiko du IAk
Ikasle Abertzaleak erakundeak Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko kanpaina hasiko du hil honetan «ikastetxez ikastetxe». Ikasleak hezkuntza prozesuan subjektu izan behar dutela aldarrikatu dute.
GARA |
Ikasle Abertzaleak taldeak (IA) hezkuntza sistema arrotzen aurka eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzaren aldeko kanpaina hasiko du datozen asteetan. Ikasle erakundeak atzo Donostian eskainitako prentsaurrekoan Unai Txurruka eta Ainhoa Mendibil eledunek azaldu zutenez, kanpainaren helburua «ikastetxez ikastetxe eta unibertsitatez unibertsitate, euskal ikasleok pairatzen dugun egoera arrotz honi aurre egitea» izango da, eta era berean, «herritarra eta parte-hartzailea izango den Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzan aurrera jarraitzea».
Mendibilek salatu zuen Gobernu espainolak eta frantsesak Euskal Herriko hezkuntza prozesuan «guretzat arrotzak diren edukiak barneratu arazten dizkigute, gure nortasuna alde batera utziz eta kapitalismoaren eta patriarkatuaren baloreen gatibu bihurtuz». «Curriculum arrotzak, eskolaren bidez euskaldundua izateko eskubidearen urraketa, unibertsitate arrotzak, hezkuntza eredu patriarkala, besteak beste, eraso horien adibide garbiak dira», adierazi zuen.
Aldarrikapen taula
Euskal ikasleria egoera horrekin «nazkatuta» dagoela ohartarazi zuen Ikasle Abertzaleak erakundeko bozeramaileak. «Ikasleak egoera honekin nazkatuta gaude, nazkatuta inposatzen dizkiguten eduki eta arau arrotzekin, baita zuzendari, dekano eta politikari inposatzaileekin ere», azaldu zuen, baina «egoera latz honen aurrean makurtuta gelditu beharrean, hezkuntza sistema arrotzen aurka eta ikasleon infantilizazio eta alienazioaren aurrean borrokara jo beharra» dagoela gaineratu zuen.
Hala, martxan jarriko den kanpainan, ikasleen eskaerak aldarrikapen taula batean bilduko dituzte, zer nahi duten eta zer ez azalduz.
IAk ikastetxe eta unibertsitateetan martxan jarriko duen kanpainaren bidez Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko «ikasle uholdea» lortzea du helburu.