Gazte Nafarock jaialdia Olaztin ospatuko da martxoaren 14an, independentziaren bidean
GARA |
Independentziaren aldeko Gazte Nafarock jaialdiaren hirugarren edizioa Olaztin ospatuko da datorren martxoaren 14an. Bertan hainbat ekitaldi izango dira; manifestazioa, ekitaldi politikoa eta kontzertuak, besteak beste. Atzo Nafarroako Unibertsitate Publikoan eskainitako prentsaurrekoan, antolatzaileek jaialdiaren helburua «independentziaren aldeko indarrak batzea» dela azaldu zuten, eta hein horretan, Olaztira hurbiltzeko deia egin zieten Euskal Herriko gazteei.
«Pauso berri bat emateko garaia da. Hemen, borrokara lotuta dagoen gazte belaunaldi bat dago, independentziaren alde egiten duena eta Euskal Estatu Sozialista lortu arte borrokan jarraituko duena», aldarrikatu zuten ekimenaren bozeramaileek. Ildo horretatik, Nafarroan azken hilabeteotan euskal gazteriaren aurka izan den errepresio gordina salatu zuten. «Abuztutik, 4 sarekada izan dira, guztira 20 atxilotu, 14 espetxeratu eta gehienek torturak pairatu dituzte».
Ekitaldi anitz
Aurtengo Gazte Nafarock jaialdia ekitaldiz betea egongo da. 19:30ean manifestaldia izango da Olaztiko kaleetan barna eta amaieran ekitaldi politikoa ospatuko da. Geroxeago, 20:30ean, elektro txaranga ibiliko da herrian, giroa alaitzen eta gaueko hamarretan Des-Kontrol, Kale Eginez, Gatillazo eta Habeas Korpus taldeen kontzertuak izango dira.