Gizon-proba Desafioa
Zumarragak eta Zumaiak ikusmin handia piztu duen apustua jokatuko dute
J.L. | DONOSTIA
Taldekako gizon-proba gero eta indar handiagoa ari da hartzen, eta sekulako abiadarekin gainera. Bihar apustu erakargarria jokatuko da Zumarragako plazan, 12.00etatik aurrera. Bertan, Zumarragako taldea eta Zumaiako arraunlari taldea lehiatuko dira.
Talde bakoitzak hamabi lagun izango ditu, eta 1.000 kilotan sartu beharko dute, hortik gora izanez gero, ezingo baitute lehiatu. 1.700 kiloko harria erabiliko dute, eta denetara hogei minutu izango dituzte lanerako. Zumarragak plaza baten aldea eman dio Zumaiari, beraz, irabaztekotan, biren aldea kendu beharko dio. Alde bakoitzak 2.000 euro jartzen ditu dirutan.
Norgehiagoka erakargarria da, eta ikusmina ere handia da. Zaila izango da abenduaren amaieran jokatu zen lehiaketan batu zen jendetza izatea, baina eguraldiak laguntzen baldin badu, ikusle kopuru handia izango da, eta ikusmin horren arrastoak jadanik sumatzen hasita daude. Faboritoak aipatzerakoan, gauza garbirik ez da ikusten. Zumarragak eskarmentu handiagoa dauka, baina abantaila ere dezentea eman die aurkariei.
Aurrez, gaur bertan izango da beste desafio bat. Aian jokatuko da 21.00etatik aurrera, eta Aiako taldea Oriokoaren aurka neurtuko da bertan. Honakoan talde bakoitza zortzi lagunez osatuko da, eta harria ere txikiagoa erabiliko dute. Desafio hau dela-eta ere ikusmina handia dago, izan ere Orio eta Aia elkarren ondoan dauden herriak dira, eta horrek berak balio du giroa berotzeko. Garrantzitsuena, halere, kirol honek hartu duen indarra zenbaterainokoa den ikustea da.