GARA > Idatzia > > Mundua

Krisiari buruzko argazki batek eskuratu du World Press Photo saria

AEBetako Anthony Suauk 2008ko World Press Photo saria irabazi du. Zuri-beltzean egindako argazkia urteko onena izendatu dute. Polizia bat familia batek utzi behar izan duen etxea miatzen ageri da irudian. Epaimahaiko presidente Mary Anne Golonen hitzetan, egungo «gairik garrantzitsuena» islatzen du, krisi ekonomikoaren ondorioak.

p025_f01_140x084.jpg

GARA

Anthony Suau argazkilari estatubatuarrak irabazi du 2008ko World Press Photo saria «Urteko Argazkia» atalean. 2008ko martxoan Ohio estatuan eginiko zuri-beltzeko argazkia da. «Ameriketako Estatu Batuetako ekonomia krisian» izenburupean, Robert Kole detektibea etxe bat miatzen ageri da, bertatik aterarazi duten familia baten etxea hain zuzen. «Time» aldizkarian argitaratu zuten, krisiari buruzko erreportaje batean.

Epaimahaiko presidente Mary Anne Golonek, argazkia bera eta haren esanahia nabarmendu zituen irabazleak nortzuk ziren jakinaraztean. «Egungo gairik garrantzitsuena islatzen du; hots, ekonomiaren kolpeak». «Epaimahaia osatzen dugun gehiengoen ustean, argazki beldurgarria da, gerrako irudia baitirudi. Baina, ez gara gerraz ari, fakturak ordaindu ezin izan dituen familia bati buruz baizik. Horregatik, etxebizitzatik kanporatu eta eraso egiten diete. Orain, gerra etxe barruan dago, jendea mailegua ordaindu ezinean dabil-eta», azaldu zuen.

Akinbode Akinbiyi epaimahaikidearen hitzetan, «Anbiguoa da. Zertaz ari den azaldu beharra dago. Hala, munduko edozein biztanlek `hori guri ere gerta dakiguke' esan ahal izango du». Lehen sariari esker, 10.000 euro jasoko ditu Suauk. Maiatzean banatuko dituzte Amsterdamen.

Orotara, 27 herrialdetako 63 argazkilari saritu dituzte hamar ataletan, horietatik hiru France Presse albiste-agentziako langileak izanik. Saritutako argazkiak, dena den, aurkeztutako lan guztien lagin txiki bat besterik ez dira. Izan ere, 5.508 argazkilarik orotara 96.268 irudi aurkeztu zituzten.

Walter Astrada argentinarrak lehen saria irabazi du «Albisteen Imajinak» sailean. France Presse albiste-agentziarako lan egin du eta aurkeztu zituen argazki sortan, Kenyan presidentetzarako hauteskundeen ostean egon ziren liskarrak agertzen ditu.

Estatu espainoleko Pep Bonet bigarren gelditu da «Erretratu» sailean. Hondurasen prostituzioan jarduten duten transexualen irudiak aurkeztu ditu.

Salvadorreko Lissete Lemus «Eguneroko Bizitza» atalean garaile izan zen. Argazkian, kale gorrian tiro batez hil duten emakume baten gorpua azaltzen da, furgoneta batean doan ume talde batek leihotik begiratzen duten bitartean. Carlos Cazalisek Sao Pauloko, Brasilgo behartsuei buruz eginiko lana ere saritu dute. Gai beragatik aipamen berezia egin diote Henry Agudelo kolonbiarrari.

«Albiste Orokorrak» atalean, Luis Vasconcelos brasildarrari eman diote saria, besoetan biluzik dagoen ume bat duela, poliziari aurre egin nahian ari den emakume bat agertzen duen argazkiagatik.

Kirol arloari dagokionez, Paul Mohan irlandarraren argazkia -Irlandak Greziaren kontra sartu zuen gola- saritu dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo