GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ematen al zaie etorkinei euskarazko heziketaren berri?

Urtero bezala, seme-alabak zein ikastetxetan matrikulatuko dituzten erabakitzeko unea iritsi zaie gurasoei. Eskaintzak denetarikoak dira, hala ere, zentroetako leku kopurua motz geratzen da askotan. Aukeren artean, euskarazko heziketa hautu egiteko deia luzatu dute Euskal Herriko hainbat eragilek.

p020_f01.jpg

Janire ARRONDO

Urte sasoi honetan dagoeneko erabakita izan beharko lukete Haur zein Lehen Hezkuntzako umeen gurasoek datorren ikasturtean zein ikastetxetara eramango dituzten seme-alabak, orain amaitzen baitira aurrematrikulazioa egiteko epeak. Zentroa hautatzeaz gain, zein hezkuntza eredutan matrikulatu ere erabaki beharko dute. Hautaketa horren aurrean, D eredua aukeratzeko deia egin dute zenbait eragilek, bereziki atzerritik datozenei.

Aurreko ikasturtean Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ikasleen %81 ikasgai gehienak euskaraz jasotzen diren ereduetan matrikulatua zegoen, txikienen artean gainera, kopuru hori %93,3koa zen. Hala ere, kanpotik etorritako migratzaileen artean, seme-alaben %45 A ereduan eman zuen izena, beste %27k B ereduan eta gainontzeko %27ak D ereduan. Nafarroan bestetik, gutxiago dira beren seme-alabentzat euskarazko heziketa hautatzen dutenak. Izan ere, atzerritik datozenen %99k G eredua hautatzen du, horretan euskara ez da ikasgai soil moduan ere agertzen.

Ipar Euskal Herrian, berriz, are gehiago aldatzen dira eskolaratze datuak. Hizkuntza ofizial bakarra frantsesa denez, ezinezkoa da eremu horretako ikastetxe publikoetan D eredua ezartzea. Beraz, Seaskako ikastolek soilik eskaintzen dute aukera hori. Oro har, Iparraldeko ikasleen %20 da elebiduna, B ereduan zein D ereduan dabiltzanen artean.

2009-2010 ikasturterako aurrematrikula garaian hainbat eragilek beren seme-alabak D ereduan matrikula ditzaten dei egin diete gurasoei. Hain zuzen ere, gaztelania ikasgaia salbu, gainontzeko guztiak euskaraz ikasteko aukera ematen duen eredua.

Euskaraz ikasteko deia

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eskualdeko gizon zein emakumeak etorkizunean «arazorik gabe euskaraz zein gaztelaniaz bizitzeko gai izan daitezen» egiten du lan. Gero eta etorkin gehiago daudenez, «Haurren etorkizuneko aukera, zure oraingo erabakiaren baitan» lelopean, euskara jakitea «integrazio tresna garrantzitsua» dela helarazi nahi izan diete eskualdera etorritako kanpotarrei. D eredua aukeratuz gero, «bertako berezko hizkuntza eta bi hizkuntza ofizialetako bat den euskara» aukeratuko dutela azaldu zuten Batzordeko kideek. Bestetik, «eskualdeko guraso gehienek aukeratzen duten bera aukeratuko dutela» gogorarazi nahi izan zuten.

Batzordekoek, bestetik, Errenteria, Lezo, Pasaia zein Oiartzunen herrian herriko ikastetxe bat aukeratzea «garrantzitsu» jo zuten. Izan ere, herriko zentroren batean matrikulatuz gero, «hurbileko jendearen bizikide izatea erabakiko dute».

«Poz handia da euskaraz entzutea»

Fatimetou Mohamed Salek sahararra da eta Aljeriako errefuxiatuen eremutik etorri zen Oiartzunera. Hiru seme-alaba ditu eta guztiek D ereduan ikasten dute. Naimak 11 urte ditu, Bachirik 6 eta Minak 5, eta hirurak euskaraz aritzen dira beren lagunekin.

Aurretik ere, Oiartzungo jendea ezagutzen zuen Salekek, Saharako haurrak bertara uda pasatzera etorri izan zirelako. Saleken hitzetan, «garrantzitsua da hemen biziz gero, euskaraz jakitea, eta nire haurrei horretarako aukera eman diete Oiartzungo Ikastolan». Sahararrak dio hainbatek esan diola hobe dela lehenbizi gaztelania ikastea.

Hala ere, berak dioenez, «ikastolan euskaraz ikasi arren, gaztelania kalean ere ikasiko dute». «Nik eskola gutxi batzuk hartu arren, gaztelania kalean ikasi dut», dio Salekek. Euskaraz hitz gutxi batzuk egiten baditu ere, ikasiko duela ziurtatu zuen. «Niretzat poz handia da nire seme-alabak euskaraz nola moldatzen diren ikustea».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo