GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Eliza katolikotik baztertuak izan direnak gogora ekarri ditu Mixel Oronozen liburuak

A.B. |

«Le testament du Chanoine S.» izenburua daukan liburuaren bidez Mixel Oronoz apez eta idazleak eliza kristauaren bazterketa eta mezpretsua jasan dutenak gogora ekarri nahi izan ditu.

Laurehun bat orrialdetan, apez langileak, emakumeak, teologoak, homosexualak edo ezkondutako apezak ditu aipagai. Eta atalez atal bazterketa horren apez edo teologoen lekukotasunak biltzen ditu Oronozek. «Zortzi gai jorratu ditut, eta guztiak 1954. eta 2008. urte artean gertatutakoak dira. Bildu ditudan lekukotasun guztiek elizaren krudeltasuna agerian jartzen dute. Askok egoera jasangaitzak eta iraingarriak bizi izan dituzte», salatu zuen idazleak liburuaren aurkezpenean.

Gaur egun oraindik ere «isilpean» dirauten gai horiek aipatzeko, Oronozek eleberria baliatu du formatu gisa. «Chanoine S.» ezineneko apezaren kontakizunak dira izan ere. «Chanoine S. hil zorian dago, eta, ospitalean dagoela amesten hasten da, eta, baztertuak izan diren lagun horien guztien testigantzak biltzen ditu. «S» abizen bat izan daiteke, edo baztertzen duen eliza bati eza adierazteko era bat», nabarmendu zuen.

Lekukotasunen artean atzoko liburuaren aurkezpenean zegoen Jean Olagarai apez langilea izandakoarena dago. Bere garaian beste hainbatek bezala, Olagaraik bazterkeria jasan zuen. «Oso gai minberatsua da, elizaren barruan gaur egun oraindik ere ez da aipatzen», gaineratu zuen. Horiek horrela, orain dela gutxi Vatikanoak bereganaturiko eskuin muturreko lau kardinalak gogora ekarri zituen Oronozek. «Gaur egungo egoeran horrelako liburu batek badu bere garrantzia», esan zuen.

Mila bat apez

Liburuaren aurkezpena bazterketa hori jasan edo ezagutzen duten apez zenbaiten aitzinean egin zuen Oronozek. Mikel Epalza Donibane Lohizungo arrantzaleen apeza zegoela-eta, Oronozek liburuan idatzitakoak elizaren baitan gero eta gehiago eztabaidatzen diren gaiak direla esan zuen. «Milaka dira baztertuak izan diren apezak», nabarmendu zuen.

«Chanoine S»en heriotzarekin eta azken ametsarekin bukatzen da. Azken atalean, izan ere, ekumenismoaren gaia aipatzen du. «Larria da ikustea oraindik ere norbait ortodoxo eta protestanteen artetik berezia izatea, edo teologoak baztertzea Erromarekin bat egiten ez dutelako», bukatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo