GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Esker ona, ezker abertzalearen partez

Eskerrik asko, Baltasar Garzon epaile txit agurgarriari, mila esker Estatu espainiar eskuzabalari, nire esker ona Estatu horretako Polizia onberari, ezker abertzalearen izenean. Ezker abertzale «ofizialaren», «erradikalaren» izenean. «Batasunaren» eta, beraz, Hamasen izenean, alegia. Izan ere -ea ondo ulertu dudan-, hauteskundeetan parte hartzen utziko baliote, ezker abertzaleko hautesleek beste aukera batzuei emango liekete botoa, baina utzi ez dietenez, berari emango diote ofizialki baliogabea izango den baina ezker abertzalearentzat balio handikoa izango den botoa. Bide batez, zorionak PSOE eta PPri, tradizio espainiar jatorrenean politika egiteko moduagatik.

Eskerrik asko, Auzitegi Konstituzionalari eta Gorenari, Auzitegi Nazionala (eta berriro ere Garzon) ahaztu gabe, bere loria unea izan ostean bigarren lerroan itxaroten jakin duena. Eskerrik asko, horiei guztiei Darwin jaio zeneko bigarren mendeurrena bukatu baino minutu bat lehenago bukatu den prozedura juridikoak Zuzenbidea gainerako zientzien ispilu izan daitekeen zalantza izpirik ez uzteagatik. Eta, halaber, ezjakin konplexutik askatu gaituztelako, Zuzenbideaz ezer gutxi dakigunok argi asko ikusi baitugu epai bat ematea ez dela uste genuen bezain lan burutsua, polizia batek lasai ederrean idatz dezakeela.

Mila esker, demokrata gehienei, Alderdien Legea, goitik behera, berariaz ezker abertzalea legez kanpo ezartzeko sortua denez gero, gaitzetsi badute ere, Estatu espainoleko demokraziaren kalitate eskasa salatuta ere, lege horren benetako erruduna haren biktima dela gogorarazteagatik. Nire esker ona, elkartasuna, errespetua, demokrazia eta horrelako txorakeriak kontzeptu zaharkituak direla erakusteagatik. Ikasi dugu miseria politikoa dagoela modan.

Nire esker ona denei FARCen partez. Eta kontuz gainerako abertzaleok Madrilgo Gobernuarekin, Aralarren eta EAJren kontra edozer egiteko gauza dela erakutsi baitu, bai eta ezker abertzaleko hainbat lagun kartzelatzea ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo