GARA > Idatzia > > Kultura

Arte garaikidea Angeluko itsasertzaren lau kilometroetan ikusgai, maiatzetik goiti

p050_f01_97x92.jpg

Ainize BUTRON | ANGELU

Angeluko itsasertzak arte garaikideari egingo dio leku ondoko maiatzaren 23a eta uztailaren 31 bitartean. Bi urtetik behin antolatzen den ekimenak arte garaikidea herritarrengana hurbiltzea du helburu. La Barre hondartzatik, hots, Aturri ibaiaren bokaletik Chambre d'Amour hondartzaraino, lau kilometro eta erdiko ibilbide artistikoa egiteko aukera emanen du Angeluko Herriko Etxeak antolaturiko erakusketak. Hamar artisten instalazio edo eskulturak jarriko dituzte itsasertzean zehar. «Obren kokagunea artistek aurkezturiko proiektuaren arabera eginen da», argitu zuen Maryse Dupe herriko Kultura saileko arduradunak.

Didier Arnaudet arte kritikariaren gain utzi dute artista eta obren aukeraketa lana. Ekimenean parte hartzen duten hamar artistak aukeratu ditu, eta bere esanetan, azalduko dituzten obrak egungo artean dauden «gogoeta eta kokapenaren adierazle» dira.

Donostiatik eta Paristik

Angeluko biurtekoaren aurtengo edizioan Juan Aizpitarte Heriz eta Manu Muniategiandikoetxea Donostiako bi artistak, Bordeleko Michel Herreria eta Laurent Le Deunff, eta, azkenik, Parisko beste sei artista izango dira. «Ez dakigu oraindik zer nolakoak izango diren obrak sorkuntza prozesua abiatu berri baitute. Obrak erakusketa honetarako sortuak izan dira», gaineratu zuen.

Erakusketaren bitartez arte garaikidea ezagutarazteko herritarren artean eta eskoletan lan pedagogikoa bultzatuko du Herriko Etxeak. «Aurten erakusketaren hasiera aurreratu dugu lekuko herritarrek preziatzeko denbora izan dezaten. Eskolei dagokienez, bisitak antolatuko ditugu», bukatu zuen Dupek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo