GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Jesus Valencia Educador social Fernando Mijangos EHU-UPVko irakaslea

Arantza Urkaregi, erakuslea

Zorionez, ez genituen Perez Rubalcaba eta ezkertiar horiek unibertsitatea erretzeko aholkatzen zituzten molotovak eta erregaiak aukeratu arma bezala

Zutaz gogoratu naiz Arantza, egun hauetan fakultateko korridoreetan zehar ibili naizenean. Badakizu azterketa sasoian gaudela. Zure presentzia ezak zuk eta biok irakasle bezala UPV-EHUn 33 urte daramatzagula pentsatzeko beta eman dit. Erraz esaten da, baina bitarte luze horretan sarri egon gara biok batera.

Zure atxiloketaren karira, noren eta Perez Rubalcabaren aurpegia ikusi behar izan dut; Perez Rubalcaba zu zein arriskutsua zaren azaltzen; papera, boligrafoa eta hitza dira zurekin, azken 33 urte hauetan unibertsitateko klaustroan, gobernu batzordeetan, fakultateko batzarretan eta asanbladetan izan dituzun arma bakarrak. Zurekin asanblearioa izatea, eta hitz hori edukiz betetzea, bizi ahal izan dut; eta ez dut uste damutzen zaigunik.

Buruari bueltak eta bueltak emanik, antzinako irudi batzuk etorri zaizkit; horietariko bat gogoraraziko dizut, gutun hau irakurtzeko aukerarik baduzu irri bat ernaraziko dizudalako. Horretarako irakasle bezala kontratatu gintuzten lehengo garai haietara bueltatu behar dugu, PNNen (Profesores No Numerarios) garai hartara. Madrilera joaten ginenean, bertan biltzen ziren koordinadoretara eta, noski, Madrilgo Unibertsitatean burutzen ziren asanbladetara. Orain bai antzeman ahal dut zure irria, Arantza, garai haietan gu, gazte xamar izanik, Madrilen zeuden irakasle ezkertiar horien diskurtso gorriak entzuten; taxuzko argudioak erabiltzen zituzten Suarez presidenteak indarrean jarri nahi zuen LRUren kontra berba egiteko. Gure «mitoak» progresista, ezkertiar eta sozialismoaren aldeko agertzen ziren irakasleak ziren.

Madrilgo asanbladetan entzuten genituen diskurtsoak odolean sartuta itzultzen ginen to Basque Country, eta fakultateko asanbladetan zabaltzen genituen berriak, greba deialdiak, azterketen boikotak eta abar. Eta berriz itzultzen ginen Madrilera hango ezkertiarren azalpenak, mobilizazioak eta diskurtsoak entzutera. Eta, noski, irakasle horiek Perez Rubalcaba, Solana... ziren. Egia esan, azken asanbladetan gutaz apur bat nazkatzen hasi ziren; gehienbat Euskal Herria, Basque Country, aipatu eta guk ez genuela segidismo hutsa egingo esan genuenetik aurrera. Zer egingo diogu ba, bizitzak ematen dituen kasualitate horietako bat izan da niretzat garai hura zurekin, Arantza, bizi izana.

Hogeita hamahiru urtez batera lan egin ostean, Universidad del País Vasco eta Euskal Herriko Unibertsitatea ez direla gauza bera, edo gutxienez itzulpena zuzenena ez dela, argi eta garbi frogatu duzu zuk, Arantza, papera, boligrafoa eta hitza arma bezala erabilita. Zorionez, ez genituen Perez Rubalcaba eta ezkertiar horiek unibertsitatea erretzeko aholkatzen zituzten molotovak eta erregaiak aukeratu arma bezala, Espainiako fiesta nacionala zezenak barik oposaketen jaia zela su eta gar aldarrikatzen zutenean. Begira non zauden zu eta begira non dauden eurak. Nola aldatzen diren gauzak kamarada!

Arantza, ez dakit zenbat denbora emango duzun kartzelan zure paper, boligrafo, ordenagailu, matematika, estatistika gabe; horrenbestez, beste egun baterako utziko dut biok batera bizi izan ditugun beste pasarte batzuk kontatzea. Burura etortzen zaizkit irakaslego propioaren aldeko irudiak, Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroak eta abar.

Esatekoak esanda, agurtzeko garaia heldu zait. Ez nuke gutun hau amaitu nahi zure irribarre hori berriz esnatu gabe, eta askatzen zaituztenerako prest izango dut zuretzat egindako perfumea, zuretzat espresuki sortutako perfumea. Perfumegile honek hitza ematen dizu. Orain arte sortutako perfumeak eta beraiei ipinitako usainak oso adierazgarriak dira: Euskal Herriak dituen usainak ontziratu nahi izan ditut, usain berde, gorri eta zuriak, eta batzuetan, perfumegile ospetsu guztiek bezalaxe, nik ere lehengai ezkutu eta sekretuak erabili izan ditut. Larraonan geundenean zure larruazalean ipini zenuena bezalakoa.

Badaezpada, ezin dut gutun hau amaitu zu libre zeundenean amaitu ohi nuen bezala «gora gu eta gutarrok», «osasuna askatasuna», «intsumisiñue» edota antzeko bat botata. Dirudienez, politika egin behar dugu, baina, politika egitera zoazenean, atxilotu egiten zaituzte. Dena dela, Arantza, bizitzari mila esker ematen dizkiot zure ondoan urte asko eta asko pasatu ditudalako zuregandik ikasten, disfrutatzen, argudioak trukatzen. Lagun batek esan dit Iparraldean irakasleei «erakusle» deitzen dietela, eta egia da, Arantza, zu irakasle bezala beti ibili zara bidea erakusten: papera, boligrafoa eta hitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo