Liburuak itsu euskaldunentzako egokitzeko ekimena abian izan arren, bide luzea dago egiteko oraindik ere
2006an abiatu zen itsu euskaldunentzako liburuak Daisy eta Braile sistemetara egokitzeko lana. Garai hartan aurrekontu mugatua zuen ONCEk obrak itzultzeko, baina egun, ordea, 300 bat euskal lanek betetzen dute dagoeneko erakundearen egoitzako liburutegia.
Ainhoa LORES
Ia 300 bat lan dira Daysy eta Braile sistemetara egokitu eta ikusmen urritasuna duten euskaldunen eskura jarri direnak azken urteotan. Duela hiru urte sinatutako hitzarmenaren balorazioa egiteko bildu dira prentsaurrekoan aste honetan ONCE eta Lakuako Gobernua. Aurreratu dutenez, orain beste 85 lan literario itzuliko dituzte sistema horietara.
Aurten, gainera, Louis Braileren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzen du ONCEk. Hain zuzen ere, Nazioarteko Braile Urtea da honako hau, berak asmatu baitzuen erliebezko sei puntuz osatutako irakurri eta idazteko metodoa. Sistema horrekin batera, Daisy sistema digitalak itsuak euskarazko literaturaz gozatzeko aukera ahalbideratuko du. Aipatu beharra dago Lakuarekin sinatutako hitzarmena orain dela hiru urtekoa izan arren, aurretik ONCEk bazituela akordioak Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin, Txalaparta edo Elkarrekin adibidez. «Denbora luzez ibili gara itzulpenak egiten, baina garai batean aurrekontua mugatua zen eta horregatik ez ziren behar beste liburu egokitzen», azaldu zuen Mikel Soto Txalapartako editoreak. Bere ustez, gainera, itsuentzako euskarazko liburuak egokitzeko ekimena Manu Agirre Ataungo itsuari esker jarri zen abian. Gogoratu behar denez, Agirrek gose greba bat burutu zuen 2005eko Durangoko azokan euskarazko liburuak Braile kodean irakurtzeko eskubidea aldarrikatzeko. «Manurekin gertatutakoa oso esanguratsua izan zen, oso agerikoa; bere kasuak ONCEren eta argitaletxeen arteko akordio bat izenpetzea eragin zuen. Izan ere, hitzarmena Manuk gose greba bukatu eta hiru hilabetera sinatu zen», esan zuen.
«Guri oso ondo iruditzen zaigu horrelako ekimenak bultzatzea, baina uste dugu gehiago egin daitekeela. Itsu euskaldunek oraindik baztertuta jarraitzen dutela esan daiteke eta ez lukete hainbesteko mugarik eduki behar», gaineratu zuen Sotok.
Iritzi berekoa da Inma Arrieta, ONCEko liburutegiko kudeatzailea. Bizkaitarra izatez, itsuen elkarte horretako bazkidea da eta bi urte daramatza bertan lanean. Aurretik irakasle moduan aritu zen institutu batean, baina ikusmen arazoak zituela-eta, lana albo batera utzi eta ONCErekin elkarlanean hasi zen. «Hemen oso gustura nago, egiten dudan lana oso polita da, baina oraindik gauza asko egin behar dira elkarte honetan euskara normalizatzearen alde», azaldu zuen. Aste honetan emandako prentsaurrekoan, Arrieta izan da Daisy sistemaren erakustaldia egin duena, ONCEko kide gazte batekin batera. Azken horrek Louis Braileren biografia motz bat irakurri zuen bere izena daraman teknika erabilita. Ekitaldian Elhuyar hiztegiaren bertsio egokituaren zati bat ere aurkeztu zuten.
Inma Arrietak Euskal Filologia ikasi zuen eta orain euskararekin lotutako aferak kudeatzen jarduten du ONCEn. «Horrelako gauzak egin beharra dagoelako ari naiz ONCEn lanean. Hala ere, badakit oraindik ere lan mordoa dagoela egiteko. Hasitako bidea eremu gehiagotara zabaldu ahal izatea espero dut», nabarmendu zuen.
Elkar argitaletxea da ekimen honetako beste bultzatzaileetako bat. Honakoa esan zuen Lander Agirre Elkar argitaletxeko arduradunak Inma Arrietari buruz: «Lan handia egiten ari da boluntarioki. Egia esan, meritu handia dauka, bera baita aurrera jarraitzen ari dena. Lan asko dago egiteko oraindik eta bultzatu beharreko zerbait dela iruditzen zaigu; euskara ahalik eta gehien zabaldu beharra dago, umeek eskolan baldintza berdinak izan ditzaten, izan ere, itzultzen diren liburuetako asko eskola liburuak izaten dira», azpimarratu zuen Agirrek.
Bilduma osatzen duten liburuen artean euskal idazleen lan ezagunak daude, besteak beste Mariasun Landaren «Festa aldameneko gelan», Iban Zalduaren «Traizioak» edota Anjel Lertxundiren «Terra sigillata».
Normalean itsuek eskatzen dituzten liburuak egokitzen saiatzen dira ONCEn. Era berean, kaleratu berri diren lanak euskaratzea izaten dute helburu.