Minbizia duten umeek tratamendu onena izateko eskubidea dutela aldarrikatu dute
Haur Minbizidunen Nazioarteko Egunaren ospakizunak gaixotasun honek txikiengan eta beraien senideengan sortzen duen egonezina gogorarazteko balio izan zuen atzo. Aspanovas elkarteak umeek «tratamendu onena jasotzeko eskubidea» dutela aldarrikatu du.GARA |
Aspanovas haur minbizidunen elkarteak helburu oso garbia du: gaixorik dauden umeek zein beraien senideek garapen pertsonal osoa lortzea. Hori dela eta, gaixorik izateagatik eskolara joaterik ez duten haurren heziketa eskubidea bermatzeko egiten du lan elkarteak.
Atzo ospatu zen Haur Minbizidunen Nazioarteko Egunaren karietara, manifestu bat kaleratu zuen Aspanovasek «Seme-alaba batek minbizia duenean, guztiok sufritzen dugu» lelopean. Bertan, egun Estatu espainiarrean urtero haurren mila minbizi kasu berri diagnostikatzen direla gogorarazi dute, eta gaixoek «tratamendu onena jaso behar dutela» nabarmendu dute.
Ospitalean dauden bitartean, haur gaixoek heziketa jasotzen jarraitzen dute. Hala, Aspanovas elkartearen ekimenez, Donostia Ospitalean adingabeek 2002. urteaz geroztik dituzte ordenagailuak gelatan. Horrela, behar duten informazioa biltzeaz gain, ikaskideekin zein ikastetxearekin harremanetan jarrai dezakete gaixorik dauden haurrek.
Ospitalean egon ez arren haur minbizidun batek erregularki eskolara joaterik ez badu, matrikulatua dagoen ikastetxeko zuzendariak irakasle bat bidali beharra du bere etxera. Uneotan, Amaia Sanchez aritzen da zerbitzu hori eskaintzen duten irakasleen koordinazio lanak egiten. Denetariko ezintasunak dituzten haurrekin aritzen dira lanean, baina egun minbizia duen haur baten heziketaz arduratzen ari da Sanchez.
Adunako eskolan du berez lantokia Sanchezek, baina, hara eta hona kilometro asko egin beharra izaten du gaixorik dauden haurren etxeetara joan ahal izateko. Hala ere, esperientzia benetan positiboa izaten ari da Sanchezentzat. «Oso aberasgarria da eta gaixoek zein beraien senideek asko eskertzen dute egiten dugun lana», aitortzen du Sanchezek. Irakasleak ez daude behartuta honako zerbitzu hau eskaintzera, baina, Sanchezek dioenez, «jendea erraz animatzen da eta hezkuntza ikuspuntu guztiz ezberdin bat ezagutzeko aukera izaten du».
Ikasteko garaian eragin handia du minbiziak haurrarengan eta, ondorioz, «une zail asko» izaten direla aitortu digu irakasleak. Hala ere, Sanchezek nabarmendu duenez, «momentu onean aurkitzen direnean, ikasteko gaitasun izugarria erakusten dute haur gaixoek».
Tamalez zenbaitetan etenaldi ugari izaten ditu Aspanovasek eskaintzen duen zerbitzuak, batik bat gaixoak ospitalera joan beharra izaten dutelako. Bitarte horretan, ospitale bakoitzeko irakasleak egiten dira haurraren heziketaren kargu.
Estatistikek diotenez, Estatu espainiarrean haur minbizidunen mila kasu berri diagnostikatzen dira urtean. Aspanovas elkarteak gaixotasun hau «oso latza» dela ohartarazi du.