GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Lehiak - Mendiko eskia

Norgehiagoka jaialdia Andorrako Arcalisen

Eski-estazioaren ingurumarian mendiko eskiko Munduko Kopako proba bat, Espainiako Txapelketa eta Euskadiko Kopako beste lehia bat jokatu dira. Euskal eskiatzaileek jardun ederrak egin dituzte.

Andoni ARABAOLAZA

Eski-alpinismoko lehiaketen denboraldiak ez du etenik, eta horren adierazle dugu pasa den hilak 8an Andorrako Arcalisen bizi izan zena. Hiru lehia ofizial izan ziren jokoan: Munduko Kopa, Espainiako Txapelketa eta Euskadiko Kopa. Hiruak ala hiruak banakako modalitatean jokatu ziren.

Jakin badakigu nola dioan aurtengo negua eta zer-nolako buruhausteak izaten ari diren ondorioz proben antolatzaileak. Arcalisen ere arazoak izan ziren. Lehiak jokatu aurretik elurteak eta haizeteak izan zituzten, eta, ondorioz, aldez aurretik prestatutako ibilbideak aldatu egin behar izan zituzten. Norgehiagoka egunean ere haizeteek ez zieten eskiatzaileei inolako lasaitasunik eman.

Nazioarteko izaera zuen jaialdiak, eta, hori dela eta, Europako espezialista indartsuenak bildu ziren Andorrako hitzorduan Munduko Kopako proban parte hartzeko asmoz. Ibilbidea aldatu behar izan zutenez, eskiatzaileek 1.800 metroko goranzko desnibelari egin behar izan zioten aurre. Nesken mailari dagokionez, hastapenetako protagonista berdinak izan genituen. Beste behin, Laetitia Roux frantziarrak erakustaldi ederra eman eta garaipena lortu zuen. Haren atzetik, Mireia Miro katalana geratu zen eta hirugarren postua Roberta Pedranzini italiarrak bereganatu zuen. Izaskun Zubizarreta, berriz, zortzigarrena izan zen.

Mutiletan, bestalde, Florent Troillet eta Kilian Jorneten arteko lehia estua izan zen. Azkenean, minutu eskas bategatik, suitzarra gailendu zen. Bigarren postuan katalana geratu zen eta, hirugarrenean, Manfred Reichegger italiarra.

Euskaldunak indartsu

Espainiako Txapelketari dagokionez, nesketan, espero zen bezala, Mirok irabazi zuen; bigarrena Gemma Arro izan zen eta, hirugarrena, Zubizarreta. Mutiletan onena Jornet izan zen, zilarra Javier Martinek irabazi zuen eta brontzea Manu Perezek. Joseba Ormazabal izan zen euskal ordezkari indartsuena; zortzigarren sailkatu zen.

Juniorren mailan, Maria Leundak hirugarren postua erdietsi zuen, eta Erlantz Gonzalezek bosgarrena. Jon Leibar seigarren sailkatu zen kadeteen mailan. Beteranoei dagokionez, Abel Abarrategik zortzigarren postua eskuratu zuen.

Amaitzeko, Euskadiko Kopari begira jarriko gara. Espainiako Txapelketan zeintzuk nagusitu ziren aurreratu dugu, eta, noski, EMFk antolatutako zirkuituan ere eskiatzaile berdinak nagusitu ziren. Zubizarretak ez zuen lehiakiderik izan; oiartzuarra parte-hartzaile bakarra izan zen. Ormazabalek Kopako lehen lehia irabazi du, bigarrena Joseba Tobar izan da eta hirugarrena Lander Alvarez.

MUNDUKO KOPA

Azken hitzorduan bezala, Florent Troillet suitzarra eta Laetitia Roux frantziarra nagusitu ziren. Roux sailkapeneko buru da nesketan, eta Kilian Jornet mutiletan. Mireia Miro katalana da bigarren sailkatua.

ZUBIZARRETA

Oiartzungo eskiatzaileak jokatutako hiru probatan lortu zituen puntuak: Munduko Kopan zortzigarrena izan zen, Espainiako Txapelketan hirugarrena eta Euskadiko Kopan lehena. Joseba Ormazabal izan zen euskal eskiatzaile indartsuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo