Superliga
Merezitakoa baino zigor handiagoa jaso du Realak
Gipuzkoarrek ez zuten norgehiagoka ona egin, baina etxekoek bezainbeste aukera izan zituzten. Barkatu egin zuten, eta esku hutsik itzuli dira.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Realeko neskek ustekabeko porrota jasan zuten atzo Valentzian. Euskaldunek ez zuten partida ona egin, baina galtzerik ere ez zuten merezi izan, partidako aukerarik onenak beraienak izan baitziren.
Lehen zatia ez zen ona izan; bi taldeak aukera gutxi egin zituzten, eta markagailua mugitu gabe joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatian, Javier Garmendiaren taldea erasora atera zen, eta Zelaiak bi aukera on izan zituen, baina ez zuen asmatu. Etxekoak, ordea, jokaldi eztabaidagarri batetan aitzineratu ziren. Gipuzkoarren esanetan baloiak ez zuen goleko marra gurutzatu, epaileak ere zalantzak izan zituen, baina marrazainak baietz esan zuen, eta gola markagailura igo zen.
Zelaiak beste aukera bat izan zuen, baina oraingoan ere ez zuen asmatu, eta kontraeraso batean Sarasola aurreratuta ikusi zuen Mateosek eta bigarren gola lortu zuen. Horrekin neurketa erabakita geratu zen.
Galtzeaz gain, atzoko neurketak ondorio txar bat ere utzi zuen donostiarrentzat, Sokoa Azkarate atezainak min hartu baitzuen eta ezin izan baitzuen norgehiagoka amaitu. Gaur egingo dizkiote azterketak eta orduan jakingo da zer duen.