GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Legorretako galdeketan, herritar gehienak AHTren kontra agertu dira

AHT Geldituko kideek ongi baloratu dute atzo trenaren inguruan Legorretan egindako herri galdeketa: 1.168 biztanleko erroldatik 402k bozkatu zuten, ia %35ak. Horietako gehien-gehienek, 349k, proiektuaren kontrako iritzia agertu zuten. Antolatzaileek inguruko herriak zituzten erreferentzia eta kontent dira horien proportzio bertsuak izan dituztelako.

p018_f01_111x111.jpg

Maider IANTZI

Abiadura Handiko Trenaren lanak hasiak dira Legorretan eta herria «zeharo» baldintzatuko dutela ohartarazia dute Elkarlaneko kideek. Joan den azaroan, adibidez, Berostegi auzoko zenbait lur desjabetu zituen Sustapen Ministerio espainolak, dozenaka lagunen protestei batere jaramonik egin gabe. Orain arte Madrilek eta Lakuak informazioa eta eztabaida, hitza eta erabakia, ukatu dizkietela salatu dute antolakundeko kideek eta horren aurrean egokiena deritzoten ariketa egin dute: herri galdeketa.

Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortziak arte aritu ziren atzo udaletxearen atarian jarritako hautestontzietan herritarren iritziak biltzen. «AHTren alde zaude, bai ala ez?», zen bizilagunek erantzun beharreko galdera. Joxe Marik argi zuen erantzuna. «Trenak lur eremu handia hartuko luke herrian. Nireak ez, baina lagunen lurrak kaltetzen ditu. Hortaz, kontra bozkatu dut», adierazi zion GARAri eguerdian. Galdeketak egitea ongi iruditzen zaio herritar honi, jendeak zer iritzi duen jakiteko baliagarriak direlako. Iritzia emateko, ordea, informatuta egotea ezinbestekoa da. Berak herritarren bidez jakin du trenaren egitasmoaren berri; gainerakoan, ez zaio informaziorik ailegatu. Imanoli iritsi ez zaion bezalaxe. Mutil gazte hau ere Lakuako eta Madrilgo gobernuek sustatutako proiektuaren aurka dagoelako joan zen bozkatzera, horregatik eta denen iritzia biltzea ongi dagoela pentsatzen duelako. «Herri mailan informazioa banatu dute, AHT Gelditukoek gehienbat. Koadrilako jendea bertan sartuta dago, baita etxekoren bat ere. Nire ustez, tren hau ez da beharrezkoa, Gobernuaren beste proiektu bat da, lau katu aberasteko balio duena. Gainera, beraiek badakite zer egin behar duten, baina ez dute informaziorik eman», azaldu zuen.

Hilabeteak eman dituzte AHT Gelditukoek galdeketa prestatzen. 325 sinadura lortu zituzten kontsultaren alde eta herrian azpiegitura erraldoiak izanen lukeen eraginak sortutako kezkari ahotsa emateagatik abiarazi zuten prozesua. Bertako kide batek, Mikel Gerrikok, gogora ekarri zuenez, azken udal hauteskundeetan herriko gobernua aldatu eta ezker abertzalea sartu zen. Orduan batzorde bat eratu zuten eta beste ekintza batzuen artean, inkesta bat egin zuten AHTri buruz. Herriaren zati bat alde eta beste bat kontra zegoela ikusi zuten, eta informazioa falta zela. Informazioa banatzeari ekin zioten, beraz. Euskarri bat sortu zuten, aldeko eta kontrako iritziak bildu eta argitalpen bat kaleratu zuten.

Horren ondotik, obrak hastear zirela-eta, Elkarlanekoek prozesua azkartu behar zutela erabaki zuten eta herri galdeketa egitea planteatu zuten. «Hiru hitzaldi antolatu genituen AHT ikuspegi desberdinetatik aztertzeko eta EAJkoek esan ziguten lortuko zutela pertsona batzuk alde mintzatzea. Ez zuten egin. Guk kontrako iritzia duten hiru pertsona ekarri genituen; saiatu ginen aldekoak ere lortzen, baina ez genuen inor aurkitu», agertu zuen.

EAJk ez bozkatzeko eskatu zuen

Beste ekimen batzuk ere antolatu dituzte denbora honetan: kontzertuak egin dituzte, mendi martxa bat egin dute, eta DVD bat plazaratu dute. «Salagarria iruditzen zaigu benetan EAJren jarrera», jarraitu zuen Gerrikok azaltzen. «Herrian ariketa demokratiko bat egin dugu eragin itzela duen azpiegitura baten gainean eta EAJk ez bozkatzeko eskatu du, postontzietan paperak banatu ditu hori eskatuz».

Legorretan bezala, beste hainbat lekutan antolatu dituzte herritarrek galdeketak eta guztietan ezezko borobila eman diote biztanleek proiektuari. Mugerren eta Uztaritzen, adibidez, iazko martxoan egin zuten kontsulta eta parte-hartze handia izan zen: %60 ingurukoa bietan. Urbinan, Gasteizko hogei kontzejuetan, Itsasondon, Atxondon, Alegian, Angiozarren, Aramaion, Elorrion eta Anoetan ere Abiadura Handiko Trenaren proiektua gaitzetsi dute.

zenbakiak

Errolda 1.168 biztanlekoa da eta horietatik 402k eman dute botoa: 349 lagunek proiektuaren kontra daudela azaldu dute; 37k aldeko iritzia eman dute; 14 boto zuri zenbatu dituzte eta beste bi baliogabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo