SOKATIRA
Abadiñok garaipenak pilatzen jarraitzen du Patrick Ozafrainek txapelaren lehian aritzeko aukerekin jarraitzen du
J.L. | DONOSTIA
Abadiñok ez du hutsik egin, eta 680 kilotako txapela eskuratu zuen herenegun Oiartzunen. Bizkaitarrak ziren faboritoak, eta saioko tiraldi guztiak irabazita, erraz lortu zuten garaipena. 500 kilotan bigarren jardunaldia jokatu zen, eta Badaiotzek erraz irabazi zuen saioa.
Abadiño denboraldiko bigarren txapela eskuratzeko asmoarekin joan zen Oiartzunera, eta ez zuen aparteko izerdirik bota beharrik izan, gaur egun gainerakoen gainetik baitago, eta tiraldi guztiak irabazi baitzituen.
Bigarren posturako Amaiur agertzen zen faborito bezala, baita Abadiñoko bigarren taldea ere, baina Auzolan sartu zen tartean, eta mutiletan lehian ari den talde gipuzkoar bakarrak bigarren postua eskuratu ahal izan zuen, Abadiñorekin bakarrik galduta.
Amaiur izan zen hirugarren postuan amaitu zuen taldea. Lan ona egin zuten, baina brontzearekin konformatu behar izan zuten. Hortik atzerako hiru postuetarako borroka handia izan zen. Urruña, Uztaritze eta Abadiño B berdinduta geratu ziren, eta beraien arteko ligaxka jokatu behar izan zuten; hor Urruña izan zen nagusi. Horrenbestez, sailkapen nagusia honela geratu da: Abadiño A txapeldun 6 puntu lortuta; bigarren Auzolan 5ekin; hirugarren Amaiur 4rekin; laugarren Urruña 2rekin; bosgarren Uztaritze 2rekin, eta, azken postuan, puntu kopuru berarekin, Abadiño B.
Nesketan, 500 kilotako bigarren jardunaldia jokatu zen, baina Badaiotzek txapela ia segurtatuta du. Bigarren saioan ere arabarrak nagusitu ziren, eta azken jardunaldian gertatzen dena gertatu, txapela beraientzat izango da. Izan ere, gauzak ikaragarri aldatu beharko lirateke lehen postua lor ez dezaten.
Bigarrena Beti Gazte izan zen eta azken postuan, berriz, Girizia geratu zen. Sailkapen nagusian Badaiotz doa lehen postuan 6 punturekin; bigarrena Beti Gazte da 4 punturekin, eta azken postuan Girizia dago 2rekin.
Aizkora
Aizkoran atzo jokatu zen Urrezko Aizkorako azkeneko finalerdia. Gazte mailakoa zen jokatzeko geratzen zen bakarra, eta bertan faboritoek ez zuten hutsik egin. Erasun eta Kañamaresek aurreikuspenak bete egin zituzten, eta lan guztiak 17 minutu eta 42 minututan amaituta irabazi zuten. 19 minutu eta 32 segundotan burutu zituzten lanak Rodriguez II.ak eta Jauregik. Horrenbestez, datorren igande eguerdian Azpeitian jokatuko den finalerako partaideak erabakita daude jada. Maila nagusian, Larretxea eta Atutxa II.a Azurmendiren eta Arrospideren aurka lehiatuko dira. Gazte mailan, berriz, Kañamares eta Erasun Olanoren eta Saralegiren aurka ariko dira. Lau bikotatik hiru nafarrak izango dira eta Gipuzkoatik, berriz, bakarra izango da.