GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Euskararen erabilera urria, zaurgarritasun handia

Unescok argitaratzen duen Munduan Arriskuan diren Hizkuntzen Atlasaren arabera, munduan mintzatzen diren 6.700 hizkuntzetatik erdiak mende honetan desagertzeko arriskuan daude. Kezkagarria da oso munduko kultur aniztasunari dagokionez, eta kezkagarria, euskaldunontzat bereziki, desagertzeko arriskua duten hizkuntza ugari biltzen dituen atlas batean euskara agertzea. Atlasaren hirugarren edizio honek, ordea, ez dio «arriskuan» dagoela, haren egoera «zaurgarria» dela baizik. Hala ere, euskararen egoerak hobera egin izana ez dago Unescoren sailkapena egiteko irizpide aldaketa bezain argi. Euskararen egoera zaurgarriak, Atlasaren arabera, erabilera edo, hobeto esan, erabilera eskasa du faktore nagusi, eta zehazkiago, ume gehienek, euskal hiztun izanda ere, erabilera arlo jakin batzuetara mugatzen dutela. Seguru aski Atlasaren oharpenak ez du inor ustekabean hartu, baina arriskuaren benetakotasunaz kontzientziatzeko balio beharko luke. Bi hizkuntza boteretsuren artean bizirauteko diglosia-egoera bortitzari aurre egin beharra ez ezik, euskarak hainbat administrazioren mendeko lurraldeetan dituen estatus desberdinen ondorioz sortutako eragozpenak ere baditu; hala nola ofiziala ez den eremuetakoak, baina baita ofiziala den eremuetako eragozpenak ere, Elebidek, Lakuako Gobernuaren zerbitzuak, iaz 2007an baino kexa gehiago jaso izanak erakusten duenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo