GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Bi milioi Garzon

Bozkatu abertzale, eta kakaren usaina kaka gorri, zuri eta berde bizi- biziz margotuko duzu. Bozkatu legez kanpo, eta kaka hau guztia ez dela demokraziaren usaina idatziko duzu. Zeuk aukeratu

Ez dut sinesten lau urtean behin paper bat PVCzko kutxa batean sartzeak demokrazia izena duenik. Are gehiago, «demo-krazia» herri-boterea bada, lau urtean behingo paper sarketak izena definiziorik gabe uzten du. Eta ez litzateke goian idatzitakoa orri honetan izkiriaturik joango baldin eta ez banu -erran bezala, fartsa bat iruditu arren- besteekiko errespetu(antzu)rik. Erran nahi baita, zuek denek ez bazenute begi aurrean dugun egoera hau sortzeko egin behar zen guztia egin, ez nuke demokrazia faltsu honi aurpegia ateratzen ibiltzeko saiakerarik egingo.

Suposatzen da euskaldunon gehiengoak gure etorkizuna erabakitzeko ahalmena bermatua izatea nahiko genukeela herri gisa eta, gainera, suposatu behar da guztiok egiten dugula gure uste zintzoenean egin beharko genukeena. Suposatzen da. Baina zer da egiteko prest gauden «guztia»? Bozkatu. Eta ez hori bakarrik. Suposatzeari jarraiki, suposatu behar dugu euskaldun abertzaleen gehiengoak, gehiengo zintzoak, bere borroka tresna hain eraginkorra duen lau urtean behingo bozka ezin izan duela orain arte baliatu abertzaleen gutxiengo maltzurrak baliogabetzen zuelako armen bidez beraiek hautestontzietan metatutako indarra. (Ezin dut gehiago, barkatu, ja-jaja!)

Eta orain negarraren onomatopeia idatzi beharko nuke, baina ez dakit, jakin gabe hil nahi nuke. Negarra egin, bueno, idatzi ez. Bukaeran egitekoa iritzi nuelako egin nuen lehen aldian, negarra lurpean egingo dugu egitekotan. Bitartean, hauteskundeak EAEn. Hor, hemen. Hemen ez e, hor bakarrik. A bai, eta beraiek; guk ez, beraiek bakarrik. Eta zergatik? Garzonen erabakiz? Bakarrik? Horregatik bakarrik? Ez, ez eta ez. Ez da egia D3M jokoz kanpo Garzonek utzi duena, ez da egia ETA bizirik izateak hau eragin duena. Boza arma gisa saldu nahi izan digutenek ez dute hain arma eraginkortzat hartuko bozkatzea, baldin eta burdinazko armak hobetsi izan dituztenei ez bazaie konparatzeko aukerarik ere ematen. Baina ez naiz galduko armen eztabaida ergelean, ez baita hori dagokiguna. Bozkatzea omen da gure eskubidea, eta ez armak erabiltzea. Ados. Orduan, zergatik ez du inork ezer egiten, eskubide hori gauzatzea eragotzi digutela-eta? Zergatik PNV, EA, IU, Aralar, ezer gertatuko ez balitz bezala, poltronen banaketara mugaturik ikusten dira? Ez naiz segundo bat ere egongo erantzuna noiz otuko zain. Berdin zait zergatia, horrela da. Hauteskunde hauetan bozkatzera joaten diren guztiak izango dira demokrazia puta mierda hau den bezalakoa izatearen arduradun nagusiak. Denak. Gero eta parte hartze handiagoa, gero eta puta mierdagoa izango da demokrazia hau. Zuen bozetan neurtuko da Euskal Herrian pairatzen dugun demokraziaren kaka usainaren intentsitatea. Bozkatu abertzale, eta kakaren usaina kaka gorri, zuri eta berde bizi-biziz margotuko duzu. Bozkatu legez kanpo, eta kaka hau guztia ez dela demokraziaren usaina idatziko duzu. Zeuk aukeratu. Ikusten duzun bezala, gure etorkizuna hautestontzietatik igarotzen da. Cuencara joateko ere, telefono poste baten ondotik igaro behar da. Basagoiti forever! For ever? Never, Patxi Lo-pez. Yes, we can. A, ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo