GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Euskal Herri berria» aldarrikatzeko hamaika ekimen egin dituzte gazteek

Gorriz jantzitako milaka gaztek kolore eta izaera desberdinetako hamaika ekimen burutu zituzten atzo, «Lotu independentziara!» lelopean. Egungo eredu «zapaltzailea» salatu, eta «eredu berri» bat aldarrikatu zuten, «Euskal Herri berri bat», hain zuzen. Ekimen deigarrienetakoa Gasteizko Legebiltzarrean egin zuten, bi gazte bertako hesian kateatu baitziren. Edonola ere, egun osoan zehar pintadak, elkarretaratzeak eta manifestazioak ugariak izan ziren.

p018_f02_199x128.jpg

Iker BIZKARGUENAGA |

Kalera ateratzeko hamaika arrazoi dituztela-eta, atzo, arrazoi beste ekimen antolatu zituzten gazte independentistek, «eredu berri baten alde, Euskal Herri berri baten alde» borrokatzeko.

Azaldu zutenez, «sistema beraren aurka ari gara borrokan», eta, ildo honetan, gonbidapena egin zioten euskal gazteriari: «Eman dezagun urrats bat gehiago eta elkartu gaitezen alternatiba beraren alde, lot gaitezen independentziara». Hain zuzen, «Lotu independentziara!» lelopean milaka lagunek parte hartu zuten mobilizazioetan.

Goizean zein arratsaldean, kolore eta izaera askotako hitzorduak jarrita zituzten atzo euskal gazteek. Horietan deigarrienetako bat, Gasteizen izan zen, eguerdi partean. Legebiltzarra inguratzen duen burdinazko hesian bi gazte lepotik kateatu ziren. Laster bertaratu ziren beste dozenaka gazte, babesa ematera, baita hainbat hedabide ere. Parlamentua zaintzen duten ertzainek, aldiz, minutu batzuk behar izan zituzten gertatzen ari zenaz konturatzeko.

Legebiltzarreko inguruetan eguerdiko ordu batean ikus zitekeen irudia hauxe da: bi gazte, maskara zuria aurpegian eta independentzia aldarrikatzen duten elastiko gorriak soinean zituztela, hesira kateatuta; beraien atzean, Parlamentuko atarian duela gutxi jarritako bandera espainola, ikurrinaz eta Europar Batasuneko banderaz inguratuta; ondoan, hamar bat ertzain eta bospasei kazetari; eta handik gertu dozenaka gazte animoak ematen eta Euskal Herriaren aldeko eta EAJren kontrako leloak oihukatzen.

Parlamentuko segurtasun arduradunak eta ertzain batek metala ebakitzeko tresna batez kateak moztu zizkieten bi gazteei, aurpegiak estalita zeramatzaten poliziek beste gazte bat identifikatzen zuten bitartean. Luze egon ziren ertzainburu bati itxaroten, eta bera heldu zenean, kateatutako bi gazteak identifikatu, datuak hartu, eta egozten dietena zer den jakinarazi ostean, bi gazteak libre geratu ziren, han inguruan zain zituzten lagunen txaloen artean.

Legebiltzarrekoa ez zen izan Gasteizko ekimen bakarra, 12.30ean Foru plazan 400 bat gazte bildu baitzen, eta arratsaldean manifestazio jendetsua izan zen. Portugaleten, autobus bati pintadak egin zizkioten, eta Asti Lekun elkarretaratzea egin zuten, ertzainen presentzia «izugarriarekin»; Leioako campusean ehunka ikaslek manifestazioa egin eta pankarta erraldoia eskegi zuten; Arrasaten, ertzainek hiru lagun identifikatu zituzten arren, «Euskal Herria ez dago salgai» lelopean manifestazioa egin zuten eguerdian, eta arratsaldean ere bai.

Algortan greba egin zuten ikastetxean, eta 100 lagunek elkarretaratzea egin zuten. «Hezkuntza ez dago salgai!» adierazi zuten, bere aldetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan elkarretaratzea egin zuten ikasleek. Hezkuntza esparruan gazteek pairatzen duten «zapalkuntza» ere salatu zuten. Zumaian, independentziaren aldeko elastiko gorriak jantzita joan ziren ikasleak ikastetxera, eta bertan atzoko ekimena azaltzen zuen bideo bat ikusi eta elkarretaratzea egin zuten. Arbizun, aldiz, goizean A-10 autobia barrikadekin moztu zuten, «Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera salatzeko», eta ordu batez auto ilara luzeak sortu ziren.

Adibide batzuk dira hauek, eta halako beste hainbat ekimen izan ziren Algortan, Erromon, Santurtzin, Balmasedan, Zallan, Derion, Zamudion, Larrabetzun, Galdakaon, Ondarroan, Lekeition, Markinan, Mutrikun, Bilbon, Agurainen, Amurrion, Laudion, Donostian, Hernanin, Lasarten, Errenterian, Tolosan, Beasainen, Zarautzen, Azpeitian, Azkoitian, Elgoibarren, Eibarren, Deban, Soraluzen, Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran, Eskoriatzan, Iruñean eta Altsasun, milaka lagun bilduz, batez ere arratsaldeko manifestazioetara.

Errepresioa, «agintari guztiek»

Mobilizazio hauetan guztietan egungo eredu politiko, sozial eta ekonomikoa salatu zuten, azalduz «eredu hori iraunarazteko, aldaketaren bidean antolatzen den ororen aurkako errepresio bortitza» erabiltzen dutela «agintari guztiek». Errepresio horren adibideak azaldu ostean, «etsaia, handia» dela gaineratu zuten, hain zuzen: bi estatu, hiru administrazio, «hamaika diruzale, gertu kuadrilek osatutako hedabide intoxikatzaileak, milaka polizia, espetxe, irakasle itxurako diktadore frustratuak...». Baina nabarmendu zuten alternatiba agerian dagoela, eta milaka direla zapalkuntza horren kontra antolatu eta borrokatzen direnak.

ertzaintza

Hainbat herritatik salatu zuten ertzainen presentzia «itogarria» izan zela, eta azaldu zuten poliziek hainbat lagun identifikatu zituztela, hala nola Irunen, Enkarterrietan, eta Arrasaten, besteren artean. Balmasedan, asteazken gauean ertzainek gazte bat identifikatu eta kolpatu zutela salatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo