GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Osakidetzak izan ditu Elebiden jasotako hizkuntz eskubideen urraketen inguruko kexa gehien

GARA |

Lakuako Gobernuak kudeatutako Elebide hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzuak herritarren 271 kexa jaso zituen iaz, 2007an baino 64 gehiago. Horien guztien artean, %97k, batez ere, herrietako administrazioetan zein administrazio publikoan euskaraz aritzeko eskubidearen urratzearekin du zerikusia.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak atzo egindako agerraldian, 2008an Elebiden 310 kexa, kontsulta eta iradokizun jaso zirela azaldu zuen. Horietako gehienak Osakidetzari zuzendutako kexak zirela argitu zuen Baztarrikak; 19 hain zuzen ere, 2007an baino 27 gutxiago.

Kexa horien arrazoi nagusietako bat, «erizainak zerbitzua euskaraz ez hitzez ez idatziz eskaintzeko gai ez izatea» da Hizkuntza Politikarako sailburuaren esanetan. Elebiden jasotako gertakari guztien artean, soilik bost geratu ziren kanpoan, Baztarrikak argitu zuenez, «legeak jasotzen dituen hizkuntza eskubideen urraketa kasuetatik kanpo geratzen zirelako». Hala eta guztiz ere, gainerako «kasuen ia %90 zailtasunik gabe konpontzen dira» sailburuordearen hitzetan. Gainerakoetan, «kexaren bat jaso duen erakundeak erantzunik eman ez duelako edo kexa jarri duena erantzunarekin gustura geratu ez delako gelditzen dira konpondu gabe», adierazi zuen.

Gertakariak ugaritu dira

Beste alde batetik, Baztarrikak aditzera eman zuenez, gertakariak %25 ugaritu ziren 2008. urtean, batez ere, «Lakuako Gobernuak Elebideren jarduna ezagutarazteko kanpaina martxan jarri zuelako», agertu zuen sailburuordeak.

Kexa, proposamen zein iradokizunak bidaltzeko biderik erabiliena, berriz, Elebideren web orrialdea izan zen, 163 gertakizun jaso ziren era horretan, posta elektronikoz 105, telefonoz 28 eta ohiko postaz 14.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo