Ereduak Interneten jartzea debekatu arren, EGA sarean ikasteko gunea martxan
EGA azterketa beren kabuz prestatu nahi dutenek badute hemendik aurrera horretarako sortutako webgunea. Aholkuak, ariketak, azalpenak... material ugari aurki ahal izango dute ikasleek bertan.
GARA |
Sarean da dagoeneko EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) azterketa prestatu ahal izateko doako webgunea. AEK-ko sareko zerbitzuko arduradun Andoni Tolosa, Ordiziako Jakintza Ikastolako irakasle Maite Goñi eta EHUko iKide taldeko Ainhoa Ezeiza irakaslea dira www.egela.aek.org webgune berria burutu dutenak. Egileen hitzetan, egitasmoaren helburu nagusia «ikasle eta irakasleen esku baliabide multzo librea jartzea izan da, baina baita elkarlanerako bide berriak zabaltzea ere».
Gune berri hau egiteko orduan «informazio eta komunikazio tresnek baliabideak erabiltzaileen eskura jartzeko ematen dituzten aukerez baliatu nahi izan dugu», azaldu zuten egileek.
Egitasmoa duela urtebete baino gehiago hasi zen lehen pausoak ematen eta bi eratako lanak egin dituzte. Batetik, «bakoitzak eskura genituen baliabideak besteekin partekatu» eta, bestetik, «baliabide horiek guztiak bildu, beharrezkoa izan denean moldatu eta, batez ere, elkarren artean lotzea».
Web orrialde berri honetan EGA azterketaren prestaketa lanetarako hainbat eratako materialak aurkitu ahal izango ditu erabiltzaileak. Hala nola aholkuak, ariketak, azalpenak, adibideak... «Erabiltzailean autonomia garatze aldera» askotariko ibilbideak egiteko moduan antolatua dago gunea. Erabiltzaileak berak hautatuko du zein ibilbide egin; era berean, idazmena lantzeko garaian gunearen egileek aholkatutako pausoak jarraitu ahal izango dira. Gunean biltzen diren ikastaroak gainera, inolako tutoretzarik gabe egin ahal izango dira.
Euskalduntzearen alorrean, «berrikuntza izan da horren alor ezberdinetako eragileak egitasmo bakarrean biltzea», esan zuten. AEK, Jakintza Ikastola eta EHUko iKide taldearen arteko elkarlanaren bidez «aurrera begirako lan esparru aberats eta emankorra gauzatzea espero dugu», adierazi zuten.
Lakuaren debekua
EGA probarako azterketa digitalizatuak saretik ateratzeko agindua eman zion Lakuako Gobernuak Maite Goñi www.egela.aek.org webgunearen sortzaileetako bati orain astebete. Ordiziako Jakintza Ikastolako irakasleak duela bi urtetik EGA azterketa ereduak Jakintza Ikastolako orrian zintzilikatzen zituen.
Lehenengoz 2005-2006 ikasturteko azterketak sareratu zituenean Goñik baimena eskatu zuen Gasteizko Gobernuan, eta ez zuen inolako arazorik izan horiek bere ikasleei zuzenduriko orrian jartzeko. Martxoko azterketarako hilabete pasa falta zenean, ordea, 2007-2008 urteko probak jarri zituen Interneten. Berehala iritsi zitzaion horiek kentzeko agindua, azterketa ereduak biltzen dituen liburuak «merkatuan bere ibilbidea» egiteke duelako.
«Informazio eta komunikazio tresnek baliabideak partekatu eta erabiltzaileentzat eskuragarri jartzeko ematen dituzten aukera egokiez baliatu nahi izan dugu», adierazi dute egileek.
2007-2008 ikasturteko azterketa ereduak sarean jarri zituenean, horiek kentzeko agindua iritsi zitzaion Goñiri Jaurlaritzatik. Liburuak «merkatuan bidea egiteko» duelako.