Atlas de las lenguas en peligro
Euskara, hizkuntza «zaurgarria»
Xabier ISASI UEUko kidea eta EHUko irakaslea
UNESCOk berretsi berri du euskara hizkuntza zaurgarria (unsafe) dela. Zer ulertu behar dugu? Ez omen dago arriskuan, baina arriskutik kanpo ere ez dago. UNESCOk euskara hartzen du bere lurralde guztietan egoera homogeneoan balego bezala. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Nafarroako Foru Erkidegoan eta Iparraldean egoera berean legoke moduan. Euskararen egoera orokorraren gainean hitz egiten digu. Hizkuntza bat desagertzeko arriskuan dagoen ala ez erabakitzeko bederatzi irizpide erabiltzen ditu UNESCOk: belaunaldien arteko hizkuntzaren transmisioa; hiztun kopuru osoa; hiztun kopuru erlatiboa (proportzioa); hizkuntzaren erabilera-eremuak eta haien aldaketak; hizkuntzaren erabilera hedabideetan eta eremu berrietan; alfabetatze eta irakaskuntzarako baliabideak izan ala ez; hizkuntzarekiko jarrerak, hizkuntzaren estatusa eta hizkuntza-politika (hizkuntzaren onarpena eta sustapena); hizkuntzaren hiztunen jarrera beren hizkuntzarekiko eta, azkenik, hizkuntza horretan sorturiko dokumentuak, kantitatea, haien hedadura eta kalitatea.
Irizpide horien argitan, euskara Iparraldean eta Nafarroa Garaian, UNESCOren terminologian esanda, arriskuan edo arrisku larrian dagoen hizkuntza da. EAEn, berriz, onar dezagun euskara hizkuntza zaurgarria dela. Hau da, ez dagoela arriskuan baino txarto dagoela, ondo ez dagoela, behinik behin. Demagun euskararen gorputza Euskal Herria dela, Nafarroa Garaia burua, Iparraldea zangoak eta gorputzaren gainontzeko atalak EAE. Burua eta zangoak gaizki, edo oso txarto, edukita esan genezake gorputz osoa ez dagoela arriskuan?
Bat etor gintezke EAEko hizkuntza politikarekin edo ez, pentsa dezakegu euskara egoera kaskarrean dagoela mendebaldeko herrialdeetan, edo kontrakoa, baina ezin har dezakegu zati bat osotasunaren partez. Egia da, EAEn gerta daitezkeen aurrerapenak euskaldun guztiontzako onuragarriak direla, hori ukaezina da. Baina, egia da halaber, Nafarroako eta Iparraldeko euskararen galerak euskaldun guztiok nozitzen ditugula, baita EAEkoek ere. Euskarak, euskaldunok hobeto esanda, sufritzen dugun zatiketa hori ez da UNESCOren irizpideen artean agertzen. Agertu beharko litzateke. Euskarak ez du biziraupenik ziurtatuta, ezta hurrik eman ere! Esan ohi da, gehienok, pobreziatik bi hilabeteko ordain-sarietatik bizi garela, bi hilabete soldata kobratu gabe egonez gero, pobrezia egoeran murgilduko ginatekeela. Euskararen kasuan antzeko zerbait esan genezake, euskararen aurkako bi legegintzaldi jasatea nahikoa izango litzateke, berriro, euskara arriskuan dagoen hizkuntza izateko.
Euskara ez dago ondo, ez, eta ondo ez dagoela ondoen dakitenak erdaldunak dira, ez baitute inolako premiarik sentitzen euskara ikasteko. Euskaldunok badakigu jakin, korrika ibili behar dugula, ez inora inor baino lehenago iristeko, atzetik datorkigun euskararen aurkako tsunami beldurgarriak harrapa ez gaitzan. Korrika bizirauteko.
UNESCOk dioenez, euskara hizkuntza zaurgarria (unsafe) da, bai, eta Nafarroa Garaian arriskuan dago, eta Iparraldean arrisku larrian. Oraindino, euskara bizi dadin, galtzak bete lan, adiskideok.