GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Ander Iturriotz Lauzirika 2009/2/15

Indarraren indarra

berria

(...) Indarra, itxura guztien gainetik. Diktadura autonomistak funtzionatu duenean, diktadura autonomista. Eta diktadura autonomistak pitzadura batzuk erakutsi dituenean, Estatu-diktadura.

Sozialista jakobino batek esan zuen, Alfonso Guerrak, hain zuzen, Estatu autonomikoaren ereduak Euskal Herriaren askatasun-egarria asetzen ez bazuen, autonomismoa bertan behera utzi eta, Estatuaren arrazoia hartu behar zela, berriro, eskutik, Estatuaren indarra, alegia. Horixe egin dute sozialistek orain: diktadura autonomista baliagarria izan dadin -Guerrak hartu nahi zituen neurri maximalistak kontraesankorrak gertatzen baitira, epe erdian-, Baskongadetako errealitate soziopolitikoa tranpeatu, bortxatu, irauli, euskal sentiberatasun abertzaleena debekatu, kartzelatu, eskubiderik gabe utzi, eta gehiengo espainola segurtatu Gasteizen. Alfonso Guerrak ez zuen hobe egingo. (...)

Zertan dabiltza, ordea, euskal alderdi nazionalistak jolas zikin hori onarturik? Ulertzen baita, guztiak ohartu direla hauteskunde hauen oinarrietan datzan indarkeriaz. Karta markatuekin sartu dira jokoan, kartak markatu dituen bentajista biolentoaren arauak onartu dituzte, ahotsik ere altxatu gabe. Zertarako? Batzuek irabazteko asmoa daukatelako. Beste batzuk, berriz, galtzera atera dira; hori ulertezinagoa da, noski.

Bere boto-poltsa gizentzeko aukera ederra ikusi du EAJk, bere barne gatazka estaltzeko aukera ederra, halaber. (...) EAJk badaki boto-emaile abertzalea urduri dabilela, beldurtuta, eta beldur hori aktibatu nahi izan du. Apokalipsia iragarri du Ajuria Enean.

Zein helbururekin, baina? Hori da tristeena. Helburu bakar batekin: oraingo hirukoak gehiengoa lortuko ez duela jakinik, PSOEk baino boto gehiago ateratzeko. Izan ere, EAJk, PSOErekin osatu nahi du Ajuria Enea; baina gauza bat da PSOE garaile batekin negoziatzen hastea, eta beste gauza bat, PSOE galtzaile batekin negoziatzea.

Eta, zertan ari dira, EA eta Aralar? Zertan ari da EB? Tranpa onartu dute guztiek -tranpa legitimatu dute pragmatikoki-. (...) Ez al zen abagune egokia oraingoa, abertzaleen aldetik, desobedientzia agertzen hasteko, boto baliogabea eskatuz, esaterako? Hainbeste balio al du aulki pare batek?.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo