GARA > Idatzia > > Kultura

Campos Eliseos antzokia, kultur aniztasunaren isla, 2010etik aurrera

«Bilbo Munduan eta Mundua Bilbon» sartuko duen eta «antzoki bat baino gehiago» den Campos Eliseos datorren urterako irekiko dutela iragarri zuten atzo, kazetariei eraikinaren lanak ikusteko aukera eman zien ekitaldian. Eraikina 1902an inauguratu zeneko itxurari eustea da asmoa, eta koloreak eta kutsu modernista alde batera utzi gabe, antzoki italiarra errealitate da. Deigarriena, sei minututan eserlekuak ezkutatu eta zorua dantzatoki bihurtzen dela ikustea.

p055_f01_148x120.jpg

Odeia AIESTARAN | BILBO

Musika, antzerki edo dantza arloko abangoardientzat zentro berria izango du datorren urtean Bilbok, 2004az geroztik berritze lanetan dagoen Campos Eliseos Antzokia, hain zuzen ere. Lanen jarraipena egin zuten atzo Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Eduardo Bautista SGAE (Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusia) taldeko Zuzendaritza Batzordeko Presidenteak. Duela ehun urte baino gehiago Alfredo Acebal eta Jean Batiste Darroquy arkitektoek eraiki zuten Campos zaharra modu originalean mantentzea izan da egitasmoaren helburua, eta aurrerapen teknologikoek zeresan handia izan dute horretan.

Eraikinak zazpi solairu ditu, lehen baino bi gehiago, eta guztira 7.300 metro karratu. Solairuak gehitzeak, Bautistak azaldu bezala, «aldi berean bi ekitaldi eskaintzeko aukera» emango du. Modu honetan, dantza ikuskizun bat antolatu bada ere, zineklub saio batez gozatzeko abagunea ere izango da, esate baterako, antzokiaren azken pisuan. Lehengo hiru anfiteatroak berritu dituzte, eta bakoitzak 110 eserleku dituelarik, beheko ia 500i gehituz, guztira 800 pertsonako edukiera izango du antzokiak. Hori da agian aurrerapen teknologikoen erabileraren isla garbia; izan ere, unean uneko beharraren arabera, ia 500 eserleku horiek atera edota ezkutatu egin daitezke, sistema robotizatu bati esker.

Dekorazioa aurrez ongi hausnartu dutela gaineratu zuten arkitektoek; hala, jatorrizko itxura zaindu dute, ahal izan duten neurrian, esaterako, koloreak (berdea, marroia eta urre kolorea, gehienbat) eta formak (erliebeak, kasu). Modernismoaren erakusle diren irudiak, animaliak, gizakiak edota naturaren elementuak antzeman daitezke anfiteatroen zutabeetan.

Eraikinari gehitutako solairu berrietako bat, elkartzeko gune gisa erabiliko dutela aipatu zuten eta besteak beste, kafetegia eta SGAEren denda izango ditu bertan.

Beraz, espazio asko bilduko ditu antzokiak, eta horixe da, Bautistaren iritziz, «proiektuaren oinarririk estrategikoena». Gainera, Bilboko kultur eskaintzako hainbat aukerarekin osagarri izango da eraikina eta Bautistaren hitzetan, «publikoa eraikitzea, alegia, hiritar pasiboa publiko bihurtzea» ere izango du xede.

ARTeria sarea

Bilboko Campos Eliseos antzokiko proiektua SGAEren ARTeria sarearen barruan dago, arte eta kultura egoitzen nazioarteko sarean, hain zuzen ere. Hala, Bartzelonan, Santiago de Compostelan, Kanarietan, Madrilen, Buenos Airesen eta Mexiko hiriburuan kokatzen diren eraikinen kidekoa izango da Bilboko antzoki hau. Publikoak eta sortzaileek bat egitea da xedea, «publikoa janzten denean sortzaileari eskatu egiten dio, eta kultura arteko harremanak sendotu egiten dira horrela», aipatu zuen Bautistak. Proiektu honekin, gainera, «Bilbo Munduan eta Mundua Bilbon sartzea» ere lortuko dutela gaineratu zuen. Modu honetan, Campos Eliseos antzokiak sortzaileen hurrengo belaunaldien prestakuntzaren aldeko lana egingo duela adierazi zuten.

SGAEk eta Bilboko Udalak 2003an sinatutako hitzarmenaren emaitza da ekimena, eta obren bukaeratik hogeita hamar urtez iraungo du, bosna urteko beste bi luzapen ere izan ditzakeelarik. Hala, bi erakundeek %50ean finantzatuko dituzte lanak eta azaldu zutenez, hasieran ezarritako zenbatekotik (25 milioi euro) urruti ibiliko ez diren ustea azaldu zuen atzo Azkunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo