Lehia bizia beheko postuetan
Bi taldeen etorkizuna dago jokoan
Talde nafarrak etxean ondoz ondoko hirugarren garaipena eskuratu nahi du, ukituta datorren Numantzia arerio zuzenari irabazita.
OSASUNA-NUMANTZIA
Asier AIESTARAN | IRUÑEA
Izaeraz eta egituraz antzekotasun asko dituzten bi talde dira Osasuna eta Numantzia. Diruz eta ondasunez oso mugatuta, bi taldeek umiltasunez egindako lan onean oinarritu izan dituzte lortutako arrakasta guztiak. Eta urteren batean gorago begiratu arren, Lehen Mailan egon ahal izatea ez da arrakasta makala bi taldeontzat. Horixe da hain zuzen ere, hein handi batean, gaur jokoan izango dutena: Lehen Mailan jarraitzeko aukera.
Eta helburu horren peskizan, ibilbide oso desberdina daramate nafarrek eta soriarrek aurtengo denboraldian. Hasiera gorabeheratsu baten ondoren, bazirudien Numantzia aurtengo ezustekoetako bat izango zela. Sergio Krsic entrenatzaile beteranoaren eskutik, jokalari euskaldunez edota Euskal Herrian ongi ezagutzen ditugun jokalariz osatutako taldea sailkapenaren erdialdera inguratu zen.
Txomin Nagore, Jose Javier Barkero, Asier Goiria, Gorka Brit, Cesar Palacios, Sergio Boris, Felipe Gurendez eta enparauek joko ona erakutsi dute hainbat jardunalditan eta gol ederrak sartzen ere ikusi ditugu Ligako lehen itzulian. Lehiaketa luzea da, ordea, eta orain dela pare bat hilabete zuria zena beltz bilakatu da bat-batean. Edo ez hain bat-batean, Numantziak jokatutako azken bost partidak galdu egin dituelako. Lehen ondorioa entrenatzaile aldaketa izan da: Sergio Krsic kalera eta Pacheta jokalari ohia aulkira.
Juxtu kontrakoa gertatu zaio Osasunari. Hasiera tamalgarriak ekarri zuen entrenatzaile aldaketa lehen jardunaldietan -Camacho Zigandaren ordez-, eta taldeari suspertzea kosta egin bazaio ere, azken lau neurketetan ateratako zortzi puntuek (bi garaipen eta bi berdinketa) arnasa eta itxaropena itzuli diote gorritxoei. Orain sailkapenean hamazazpigarren dago Osasuna 21 punturekin eta Numantzia hemeretzigarren 20rekin.
Garrantzitsua izango da gaur irabaztea, hiru puntuez gain, elkarren arteko berdinketa apurtu baitaiteke, joaneko partidan 0-0 berdindu baitzuten bi taldeek.
Iraniarrak Palaciosen aurka
Riazorreko berdinketaren ostean, Juan Antonio Camachok bere gustuko taldea jarriko du gaur zelai erditik aurrera. Zelai-erdian Puñal eta Nekounam izango dira taldea antolatzeko ardura izango dutenak eta aurrean, berriz, Masoud eta Pandiani izango dira golaren bila arituko direnak. Horrenbestez, etxeko indarra (Puñal), kalitatezko konexio irandarra (Nekounam-Masoud) eta golegile petoa (Pandiani) bateratzen saiatuko da murtziarra. Atzean, Sergio osatu ez denez, Krutxagak jarraituko du hamaikakoan.
Pachetak, aldiz, Osasunaren elastikoarekin hainbat partida jokatutako Cesar Palacios iruindarrari emango dio taldea bizkar gainean hartzeko ardura. Pachetak bere garaian egiten zuen lana egin beharko du gaur Palaciosek bere jarraitzaile ohien aurrean. Berarekin batera, Nagore, Dimas, Del Pino eta Barkero arituko dira zelai erdian. Aurrean, bakar-bakarrik, Aranda indartsua egongo da.
Azken bost partidak erreskadan galdu ondoren, entrenatzaile berriarekin dator talde soriarra. Pacheta jokalari ohiak hartu du Sergio Krsicen lekua eta zenbait aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan.
Nagore, Barkero, Goiria, Brit, Felipe... Asko dira Numantzian lekua aurkitu duten jokalari euskaldunak. Cesar Palacios iruindarra izango da, hain zuzen ere, Pachetaren apustua zelai erdikoa zuzentzeko.
Bere sentipenak azaleratzea gustatzen ez zaion gizon horietakoa da Juan Antonio Camacho. Entrenatzaile murtziarra, modu batera edo bestera, orain arteko partidei garrantzia kentzen saiatu da jokalariak eta jarraitzaileak urduritasun ahalik eta gutxienarekin egoteko. Baina Mallorcaren aurkakoa lehen inflexio puntua izan baldin bazen, gaurkoa bigarrena izan daiteke. Ongi daki hori Camachok eta atzo ez zuen ezkutatu neurketaren garrantzia.
«Taldean nagoenetik jokoan ipiniko diren punturik garrantzitsuenetakoak dira biharkoak. Hiru puntuak eskuratuz gero, sailkapenean beste ate batzuk zabalduko lirateke guretzat eta orain arte nahiko urrun zeuden beste talde batzuk ere gure borrokan sartzea lortuko genuke», adierazi zuen zintzotasun handiz Osasunako entrenatzaile espainiarrak.
Baina aukera berri horiek kontuan izan arren, Camachok oso argi du oraindik goiz dela jaitsiera postuak ahazteko. «Lehen atzeko zuloan sartuta geunden eta partida hau irabazteak beste aukera batzuk irekiko lizkiguke. Baina gertatzen dena gertatzen dela ere, ez diogu atzera begiratzeari utziko. Oraingoz ezinezkoa da hori».
Hala ere, ez ziren guztiak hitz gozoak izan Numantziaren aurkako partidaren aurretik emandako prentsaurrekoan. Camacho nahiko haserre azaldu zen taldearen inguruan gehiegizko baikortasuna sumatzen duelako. «Badirudi, jokatzen hasi aurretik ere, mundu guztiak neurketa hau irabazitzat ematen duela, eta inork ez du ikusten arazorik partida aurrera ateratzeko. Baina niri puntuak partida amaieran biltzea gustatzen zait eta kontuak behin norgehiagoka amaitutakoan egitea», nabarmendu zuen egunotan entzun eta irakurritakoarekin nahiko deseroso.
Numantziak Sadar futbol zelaian ipin dezakeen hamaikako defentsiboari buruz, Osasunako teknikariak ez zuen harridura handirik erakutsi. «Hona etortzen diren talde guztiak defentsan ongi egoteko neurriak hartzen dituzte, bai salbazio postuetatik zazpi puntura geundenean eta bai orain ere. Talde guztiek errespetatzen gaituzte eta Numantzia ez da gutxiago izango. Argi daukate korrika eta lan asko egin beharko dutela eta gu ez gara gutxiago izango. Hori oso argi izan behar dugu».
Azkenik, Alfonso Perez Burrull epailearen itzuleraz galdetuta, bezperan Juanfranek esandakoen antzeko hitzak esan zituen Camachok ere: «Ongi iruditzen zait, guztiok egiten ditugu akatsak».