GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ipar Baiona auzoan zabor enpresa kokatzea eta horri buruzko informazio eskasia salatu ditu PSNk

A.B. |

Zaborrei tratamendua emateko sortuko den enpresa Ipar Baionako auzoan kokatzearen aurkako herritar kolektiboarekin bat egin zuen Alderdi Sozialistak. Christophe Martin lekuko kontseilari orokorraren ahotik, Alderdi Sozialistak egitura horren kokalekuari buruzko «eztabaida» eskasia salatu zuen. Zaborren tratamendu eta sailkapena hiriguneetatik gertu egin behar dela esanez, Bil Ta Garbiren iritziarekin bat egin zuen, baina, zalantzak agertu zituen Ipar Baiona auzoa aukeratzeko erabakia dela-eta.

«Densitate mailan Baionako auzo jendetsuenean kokatuko da enpresa berri hori, Bratz deitu gunean. Lekuko herritarrek, halako enpresak ezagutu dituzte Bacheforet zaborra tratatzeko instalazioa bertan jarria baitzen. Bere garaian ere, agintariek Bacheforet aitzindaritzat ematen zuten, eta, denborarekin itxi egin da sortzen zituen kalteengatik», azaldu zuen Kontseilariak.

Herritarren informazioa ezinbestekoa zela nabarmendu zuen Christophe Martinek. Horretarako, Alain Iriart Bil ta Garbi egiturako lehendakariari eta Jean Grenet Baionako auzapezari biltzar publikoa antolatzeko eskatu zien. «Egitura Bratz gunean kokatzea erabaki dute herritarrak informatu gabe. Bilkuran biztanleen galderei erantzutea nahi dugu», esan zuen.

Ipar Baiona auzoko kontseilariak jarraitu zuen: «Zergatik, hondakinei dagozkien gaietan, Ipar Baiona aukeratzen da beti? Zergatik ez da Hiriburun edo gaur egun Ikea saltegia finkatuko duten gunean jartzen?».

Aurreikusiak ziren bost kokapenetatik Ipar Baiona auzoa aukeratu izana salatu zuen, beraz, Martinek. «Gertatzen denaren aurrean ulertzen dut herritarrak kezkaturik egotea», bukatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo