Top 14
Unerik onenean itzuli da Aviron garaipenen bidera
Lehen itzuliko itxura eman zuen talde lapurtarrak Ligako handi baten aurka.
AVIRON
Jon LEUNDA | BAIONA
Aviron unerik onenean itzuli da garaipenen bidera. Urtea hasi zenetik emaitzak nahiko kaskarrak izan dira zuri-urdinentzat, eta joko aldetik ere asko makaldu zen, baina atzo Ligako talderik handienetako baten aurka garaipena erdietsi zuen, eta horrek indar handia eman behar die euskaldunei.
Norgehiagoka ez zen ikusgarria izan, baina joko aldetik ere gauza on asko ikusteko aukera izan zen. Bi taldeek zuten galtzeko beldurra, eta elkarrekiko errespetua ere erruz erakutsi zuten. Horrelakoetan ez da entseguak egiteko aukera gehiegi izaten, eta atzo ere ez zen izan.
Lehen zatia orekatua izan zen, eta ostikoen bidez heldu ziren puntu guztiak. Garciak hiru zigor-kolpe gauzatu zituen etxekoen alde, eta Poricalek beste bi egin zituen kataluniarren alde, eta 9-6koarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatia oso gaizki hasi zen lapurtarrentzat, bigarren minutuan Candelonek entsegua egin zuen, eta Poricalek transformazioa gauzatu zuen. 9-13 jarri zen markagailua, eta zuri-urdinek aurrera jo zuten emaitza iraultzeko asmoarekin. Bi minutu geroago aldea murriztu egin zuen Garciak gauzatutako zigor bati esker.
Baionakoek ez zuten etsi, eta azkenean, taldeari merezitako garaipena emango zion entsegua heldu zen, partida finitzeko hamar minutu falta zirenean, Peyrasek lortutako entsegu bati esker. Garciak ez zuen transformazioarekin hutsik egin, eta amaieran lau puntuei eutsi ahal izan zien, eta sailkapeneko lehen lauretan sartzeko ametsekin jarraitzen dute Lapurdiko hiriburuan.