GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

300 kilotako errekorraren bidean, Inaxio Perurenak eman du azkeneko urratsa

p043_f02.jpg

J.L. | AZPEITIA

Inaxio Perurenak lortu zuen bere helburua, eta 295 kilotako harri errektangularra berdintzea lortu zuen atzo Azpeitian, Urrezko Aizkorako saioaren barruan.

Leitzarrak pasa den urtearen azkeneko egunean egin zuen lehen ahalegina harri honekin, baina helburua ez zuen bete. Atzo, ordea, Perurena gazteak ez zuen hutsik egin.

Egin beharreko beroketak egin ostean heldu zion 295ekoari. Aurretik bost minutu zituen, baina lehen ahaleginean lortu zuen helburua betetzea. Harria gerrira ekarri, buelta eman, berdintzeko kolpe txiki bat eman, eta beste bi eman ostean, bizkarrean berdindu zuen, helburua betez. 295koa jasota zuen, eta hurrengo erronka 300 kilotakoa jasotzea izango du.

Une honetan pisurik astunena jaso duen laugarren harri-jasotzailea da leitzar gaztea, Saralegiren, bere aita Perurenaren eta Gibitegiren atzetik, baina Inaxioren adina kontuan hartuta, garbi dago hortik aurrera joango dela.

Inaxio gustura zegoen jasoaldia eman ostean: «Helburua jasotzea zen, eta lortu dut», esan zuen Perurena II.ak: «Gerrian apur bat koloka geratu zait harria, eta kolpe txiki bat eman diot behar bezala kokatzeko, eta gero beste birekin berdindu dut», erantsi zuen

Nafarrak kolpe handia hartu zuen Asteasun huts egin zuenean, baina ongi eman dio horri buelta eta hilabete eta erdi geroago, 300 kilokoaren atarian geratu da. Hala ere, bere erronka ez doa bi eskurekin bakarrik, batekin ere lanean ari baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo