GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ipar Euskal Herrian «gobernu» molde bat dagoela esatea engainutzat jo du ABk

GARA |

Garapen Kontseiluko (GK) eta Hautetsien Kontseiluko (HK) ordezkaritza batek Balladur batzordearekin aste honetan izan duen bilkuraren ostean, ABk Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan gauzatutako «esperientzia berezi horien kontrako mehatxuak soilik aipatzea arrunt lekuz kanpo» dela uste du. Lurralde elkargoen erreforma garrantzitsua prestatzen ari den unean gainera, «jendea nahasteko saiakeraren itxura» hartzen diola gaineratu du. «Hemen beste inon baino goragoko `gobernu' molde bat» dagoela sinetsaraztea dute helburu, ABren ustez, bi egitura horietako presidenteek egin dituzten adierazpenek.

Ez da aintzatespenik

Indar abertzalearen arabera, azken urteetan hiru herrialdeetan izan diren gogoetaldiak eta Garapen Kontseilua, Hautetsien Kontseilua edota EEP gisara sorturiko egiturek «ez dute deus ikustekorik aintzatespen instituzional batekin». Gainera, esperientzia horiek bi ezaugarri mahaigaineratzen dituztela deritzo alderdiak; bata, «lurralde honen geroa axola zaien eragile sozial eta politikoen nahikaria eta lana» eta, bestetik, «aintzatespen instituzional oro saihesteko Estatu frantseseko ordezkarien jukutria».

Garapen Kontseiluaren biltzar nagusia euskal departamenduaren edo Laborantza Ganberaren alde agertu izana edota Hautetsien Kontseiluaren gehiengoak Ipar Euskal Herria «aitortua eta aintzat hartua» izatea eskatu duela gogorazita, herri-erakundeei buruz prestatzen ari den erreformaren karietara, eskakizunok mahaigaineratzeko unea ez ote den galdetu du.

Urratsak emateko nahia

«Euskal Herria entzuna eta ulertua» izan dela esatea «engainu hutsa» da ABren esanetan, eta, 2002n gertatu bezala, «Euskal Herriaren eskakizunek erantzunik ez» jasotzeko arriskua dago.

«Sasi instituzio eta aterabide faltsuak» arbuiatuta, «benetako aintzatespen instituzionaleranzko» urratsak emateko nahia azaldu du.

Era berean, joan den ekainean Lurralde Kontratuen izenpetzearekin esandakoa ekarri zuen gogora eta herri honetan demokrazia «arazo handi bat» dagoela deritzo «kasik eskizofrenia politikoa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo