Hamabost urte zaborrontzian usteltzen egon ostean, bueltan da Zarama taldea
A. B. | SANTURTZI
Euskal Herriko punk eztandaren beroan, euskaraz abesten lehenengoetarikoa izan genuen Bilbo ezkerraldeko Zarama taldea. Roberto Moso kazetari ezagunak gidaturiko taldeak 1977tik 1994ra zazpi lan plazaratu ostean, bertan behera utzi zuen jarduna. Orain, azken seikotetik bost musikari elkartu eta errepidera aterako dira, gazte sasoiak gogoratzeko asmoz.
Santurtziarrek aurki ezagutaraziko dituzte, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean joko dituzten zuzenekoen datak, taldearen jarduna kudeatuko duen Last Tour International-ek atzo azaldu duenez. Eta data gehiago ere izango dira, agidanez.
Itzuleraren arrazoiaz honakoa aipatu dute taldekideek: «Urte luze hauetan lagunak izaten jarraitu dugu eta gure kantuak oraindik ere jendearen artean bizirik daudela sentitzen dugu». Are gehiago, «baldintza onetan jotzeko aukera baliatu nahi dugulako eta batez ere, inoiz egin izan dugun gauza dibertigarriena delako» jarriko da errepidean oraindik sasoiko sentitzen den boskotea: «Pilak ilusioz beteta ditugu orain, eta zaleak aho zabalik uzten saiatzeko prest gaude».
Zazpi argitalpen
Rock talde bat osatzea erabaki zuen mutil koadrila batek sortu zuen Zarama orain 30 urte luze, Santurtzin.
1984an «Indarrez» aurreneko lana argitaratu zuten, eta «Gaua apurtu arte» gero, biak Discos Suicidas diskoetxean, «Zaramaren erdian» (1991) bildumarekin batera. Elkar etxean berriz, «Dena ongi dabil», «Bostak bat», Sexkalextrik» eta «Binilo bala» eman zituzten, azkena 1994an.