«Ahuntza edo nor da Silvia?», lan arrakastatsuaren euskarazko bertsioa, Arriaga antzokira iritsi da
Edward Albeeren testuan oinarrituta, «The goat or who is Sylvia?» antzezlan arrakastatsuaren euskarazko egokitzapena Bilboko Arriagara iritsi da. Komediak eta dramak bat egingo dute oholtza gainean.
Ainhoa LORES | BILBO
Martinek, ospe handiko arkitektoak, itxuraz desiragarria den familia eta lana du, Silvia ezagutzen duen arte. Une horretatik aurrera dena aldatu eta zeharo maiteminduko da berarekin, ahuntz batekin alegia. Edward Albeek giza natura deseraikitzen du era suntsitzaile, taxugabe eta probokatzailean antzezlan honetan.
Ane Gabarain, Ramon Agirre, Asier Hormaza eta Asier Oruesagasti aktoreek antzeztuko dute «Ahuntza edo nor da Silvia?», Carlos Zabalaren gidaritzapean. Euskarazko egokitzapena Julia Marinek sinatua da. «Orain dela hiru urte hasi ginen antzerki obra arrakastatsuak ekoizten eta oso esperientzia positiboa izan da. Horregatik sartu gara abentura berri honetan. Oso testu sakona eta jendearen gustukoa dela iruditzen zaigu», azaldu zuen Xabier Agirrek, lan aren ekoizleak, atzo eskaini zuen prentsaurrekoan. Aurretik, Txalo Produkzioak, euskal antzerkian eskarmentu handia duen konpainia honek, «Artea» eta «Gronholm Metodoa» lanak ekoitzi ditu.
«Oso obra arrakastatsua da hau: Tony saria irabazi zuen New York-en», gaineratu zuen Asier Hormazak. «Genero aldetik, tragikomedia dela esan genezake. Arlo asko ukitzen dituen antzezlana da eta, beraz, jendeak izan ditzakeen harreman mota guztiak islatzen dira bertan», azaldu zuen Algortako aktoreak. Muntaia hau munduko 30 herrialde baino gehiagotan antzeztua izan da, New Yorken, Golden Theatre-en, izan zuen estreinaldi nagusiaren ostean 2002an eta Bill Pullman eta Mercedes Rhuel banaketaren buru izanik. «Halako testu garrantzitsua eta sakona oso asmatua izan zen, oso biribila eta Julia Marinek lan handia egin du hori itzultzen», onartu zuen Xabier Agirrek. Antzezle gehienek bat egin dute oso obra ona dela adierazteko orduan. Baina, hala ere, «nahiz eta gaztelaniazko bertsioa arrakastatsua izan, euskarazko muntaiak ez du zertan hain harrera ona izan. Gauzak okertu daitezke», gaineratu zuen ekoizleak.
Obra honek ibilbide luzea duten aktoreak bildu ditu. Ramon Agirre, adibidez, 1983an hasi zen aktore ikasketak egiten. Orduz geroztik, antzerkian, telebistan eta zineman aritu izan da. Horren erakusgarri, «El dia de la bestia» eta «Aupa Etxebeste» filmak eta «Hospital central» eta «Periodistas» telesailak. Ane Gabarain, berriz, antzerki, zinema eta telebista munduan ezaguna da, eta behin baino gehiagotan jaso du Euskal Aktoreen Batasunaren saria. Bere lan batzuk aipatzearren, Alex de la Iglesiaren «800 balas» edo «La Comunidad» filmetan parte hartu du. Asier Hormaza getxotarra bere herriko antzerki eskolako kidea izan zen urte luzetan. «Jaun ta jabe», «El super», «Maite» edo «Sorginen laratza» telebistako saioetan aritua da aktore lanetan.
Asier Oruesagasti donostiarra «Goenkale» telesailean Kevin pertsonaiaren azalean agertzeagatik ezagutuko dute ikusleek batez ere. Denbora gutxian antzezpen munduan arrakasta handia lortu du aktore honek.
Lekua: Arriaga antzokia (Bilbo).
Data: Gaur (atzo beste
emanaldi bat izan zen).
Ordua: 20.00.
Sarrera: 4.80/18 euro.
Ópera: «Juan José»,
de Pablo Sorozábal.
Intérpretes: Orquesta Sinfónica de Musikene. Dirección: José Luis Estellés. Solistas: Manuel Lanza, Ana María Sánchez, Maite Arruabarrena, Celestino Varela, Olatz Saitua, José Luis Sola.Lugar: Auditorio Kursaal (Donostia).
Fecha: 21-02-09.