Maider Eizmendi Kazetaria
Betaurrekoei bahea kentzen
Bai, bai, zuk begi marroiak dituzu, marroi-marroiak, beste horren... kolorekoak. Horrek marroi ikusten duena, beste honek gutxienez berde edota berdexka. Nork bere begiekin begiratzen die gauzei eta horren arabera dena eta ez dena erabaki. Azken batean, niri bost marroi edo berde, edo berdexka; behintzat, jarri beharreko betaurrekoen loditasuna egunetik egunera loditzen ez baldin bada.
Badira, ordea, pertzepzio aniztasun horretan mingarriagoak egiten diren iritzi eta ikuspegiak. Berdintasun kontuetan aurrera egin dugu, eta jada emakume askok, lehen «gizonezkoen lanpostutzat» jotzen zirenak hartu dituztela gogorarazten digute fin-fin, instituzioetako larruzko ahulki ponpoxoetatik. Ez dira gauzak modu berean ikusten ipurdia eserleku horietan jarri gabe, batez ere, aldamenean ugari badira postu horiek lortzeko ametsik ere egiten ez duten emakumeak.
«Zuek askoz ere errazagoak dituzue gauzak», esaten dio adineko emakume batek gazte bati, «jada berdintasuna duzue, behintzat», eransten dio, seguru. Gaztea, berriz, pentsakor, ez baitu ulertzen gauzak horrela badira, zergatik kostatzen zaion bere ikaskide mutilek baino gehiago lana bilatzea eta hura lasterrago galtzen duen krisi garaia usnatzen hasterako; zergatik esaten dioten behin eta berriz, gauetan etxera bakarrik joan ez dadin, lagunduko diotela eta lagunduko diotela; zergatik bere lagunak, nahi izan gabe haurdun gelditu eta delitu bat egin balu bezala, isilpean abortua egin behar izan duen. Horrenbeste gauza ez ditu ulertzen.
Izan ere, aldea bada, batak diskriminazioaren alderdirik bortitzena ezagutu du, agerikoa; eraso gogorra baina sotilagoa, berriz, bigarrenak. Batek dena zuen irabazteko borroka hartan; besteak irabazi denaren itzalarekin egin behar du lehenik borroka. Baina jakin badaki ikusi nahi ez duena baino itsuagorik ez dela. Lehen urratsa emana du, kendu die betaurrekoei bahea, egungo egoerari hain maltzurki eman nahi izan dien berdintasunaren lurrina usaintzeari utzi dio.